Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez adierazitakoaren arabera, "ez dago aitzakiarik, ezin da hutsik egin. Egoera politiko honetan ezinbestekoa da azken ostiraleko mobilizazioan parte hartzea. Presoen eskubideak eta izaera politikoa onartu gabe ez da gatazka gainditzeko prozesurik izango. Gure esku dago!".
Bestalde, Etxerat, Ibaeta Foroa eta Segik azken ostiraleko elkarretaratzeekin bat egiteko deitu dute. Hona hemen hiru erakundeek kaleratutako oharrak:
Etxeraten oharra:
Jasaten ari garen egoera larriaren aurrean, gaurkoan, gurekin batera kaleratzeko deia luzatu genizuen herritarroi. Mila esker beraz, Etxeraten deiari erantzun diozuen norbanako guztioi. Baita ere, deialdi horrekin bat egin duen Ibaeta Foroari, gure senide presoen eskubide guztien defentsan gurekin batera elkarlanean ari diren 40tik gora eragileri.
Alarma gorri guztiak pizturik ditugula genion, espainiar eta frantziar estatuen espetxe politika sadismo hutsa izatera iritsi da-eta. Hor dugu bizi osorako zigorraldiari aurre egiteko 54 egun barauan daramatzan Iñaki de Juanaren kasua, hil ala biziko baldintza horietan izanik ere 24 orduz ohatilan eskuak eta hankak loturik mantentzera iritsi dira-eta beste behin ere bere nahia bortxatzeko. Kanpoko komunikaziorik gabe, telefono deirik gabe dute eta, ondorioz, asteburu honetan jasoko duen bisitaren zain gara bere egoeraren berri izateko. Edo, bere 63 urtetatik 25 preso, eta, bizi baldintza gordinenetan daramatzan Jon Agirre Agirianorena. Kartzelak eragindako gaixotasun larri eta sendaezina izan arren ez dute askatu. Datorren hilaren 28an espetxe zigor osoa beteta kaleratu behar zuenean, Madriletik ezetz erantzuten digute. Beste 5 urte gehiago egin beharko dituela beraien sarraskiarako kartzeletan, salbuespen neurrien pean.
Beste 613 kasu aipatu genitzake PSOEren eta UMPren sadismoaren, krudelkeriaren adibide gisara; gure senide eta lagunek osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboa jasaten ari den erasoaldi bortitzaren adibide gisara baina gaurkoan zuei guztioi auzoz-auzoko, herriz herriko lanketarekin jarraitzeko eta urriaren 7an Donostian, demokrata, euskaldun guztiok baturik, siglen gainetik, hau guztia egiten ari diren bi estatuei, PSOE eta UMP alderdiei, aski da! honaino iritsi gara! esateko dugun hitzordu garrantzitsuari huts ez egiteko dei egin behar dizuegu. Ondoren, Ibaeta Foroak gaurko elkarretaratzeetan irakurtzeko prestatu duen irakurgaiari emango diogu paso. Guztion artean lortuko dugu, euskal preso eta iheslariak etxera, orain!
Ibaetako Foroaren oharra:
Ibaetako foroa duela ia urtebete sortu zen euskal preso politikoei ezartzen dizkieten salbuespen politikak salatzerakoan indarrak biltzeko. Ordutik hona foroa Etxeratek deitutako hileko azken ostiraletako bilkurak indartzen saiatu da, Bilbon eta Baionan manifestazio handiak antolatu ditu eta, joan den ekainean, Zapatero eta Chirac-i gutun bana bidali zien, presoek jasaten duten xantaia amai dadin eskatzeko. Halaber, aukerarik dagoen Euskal Herriko udaletan mozioak sartzen saiatu izan da.
Hamar hilabete igarota, pertsona hauen egoerak okerrera besterik ez du egin:
• Sakabanatzea areagotu egin da, eta gaur preso politikoak inoiz halakorik ezagutu ez duten espetxetan daude.
• Betidanik osasun arreta txarra izan da, baina gaixotasun larriak dituzten presoak ez dituzte kaleratzen.
• 160 presok libre egon beharko lukete, zigorraren bi heren, hiru laurden edo zigorra oso-osorik bete dutelarik… Bizi arteko zigorra de facto ari dira ezartzen, tresna legal berriak asmatuz (Auzitegi Gorenaren Parot dotrina, egozte berriak…).
• Heriotzak ere jo du kolektiboa: Igor eta Baru.
• Gainera, foroak bere lehen egunetik salatu izan duen eskubideen urraketa ez da eten: komunikatzeko eskubidea, ikasketak egitekoa, aita edo ama izatekoa, benetako defentsa jasotzekoa…
Foroaren alarma argia piztuta dago, kolektiboaren egoera objektiboa medio. Bestalde, egoerak gizabidearen eta politikaren ikuspegitik hipokrisia eta xantaia islatzen du. Eragile eta erakunde askok behin eta berriz diote bakeak ez duela prezio politikorik, baina era berean ez dute zirkinik ere egiten espetxeetan minutuz minutu ezartzen den ‘ordain’ latza dela-eta, hain zuzen xantaia politiko legez. Ez al da hau hipokrisia handia? Ez al da hipokrisia Kubako Guantanamo salatzen dutenek Europa hegoaldean euskal presoak sakabanatuta dauden 80 guantanamo horien aurrean ezikusiarena egitea?
Foroak bereziki gogoratu nahi du Iñaki de Juana presoaren egoera, joan den abuztuaren 7tik gose greban dagoena. Gure ustez, Espainiako gobernuak berarekin jokatzen duen moduan iritzi publikoari eta kolektiboari bi mezu argi helarazi nahi dizkio: 1) Fiskaltzaren bitartez pertsonak soilik nortzuk diren aintzat hartuta (eta ez euren egintzen arabera) erruak lepora ditzakeela, inputazioak era artifizialean eraiki baititzake, eta 2) presoek, edota euretako askok, askatasuna lortzeko itxaropen oro galdu behar dutela.
Egoera honek gizartearen kontzientzia esnatzea eragin behar du, presoen eskubideen aldeko mobilizazioa areagotzeko akuilu izan behar du. Foroko erakundeek eutsi egingo diote informazioa eman eta gizabidearen aurkako politika horiek geldiarazi arte mobilizatzeko dinamikari. Gure ardura da ere gizartea etorkizunean lozorroan ez egotea, bere herrikideen sufrimendua ikusirik ezer egiteke geratzea.
Gu gizarte zibil antolatuaren zati baten ordezkari gara, baina euskal administrazio, erakunde eta alderdi politikoen konpromisoak aldarrikapen hauentzat oso lagungarri lirateke. 600 euskal herritarren funtsezko eskubideak sistemaz urratzea beren agenda politikoan egon beharko litzateke, agenda horrek beti izan beharko bailuke lehentasunen artean herritarren babesa.
• Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztearen alde.
• Zigorra bete arren preso jarraitzen duten pertsonak kalera ditzaten.
• Sakabanatze politika amai dadin.
Ibaetako foroak
• Dei premiazko eta berezia egiten du datorren ostiralez, irailaren 29an herrietan Etxeratek deitu dituen bilkuretan parte hartzera.
• Foroaren ordezkaritza batek irailaren 28an Gasteizen Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean bilkura bat egingo du indarrean dagoen espetxe politika salatzeko.
• Halaber, foroaren ordezkari talde batek Iñaki de Juanari bisita egingo dio, ospitalizatuta dagoen tokian, elkartasuna eta babesa adierazteko, eta etorkizunean egingo diren ekimenen berri emateko.
• Azkenik, foro honek dei egiten dio euskal jendarteari datorren urriaren 7an Donostian, arratsaldeko 5.30ean, egingo den manifestaldi nazionala parte har dezan.
Euskal Presoak Euskal Herrira,
dagozkien eskubideen jabe!
Donostian, 2006ko irailaren 23an
Segi gazte erakundearen oharra:
Bihar, iraileko azken ostirala izaki, euskal preso politikoen estatusaren alde eta euren eskubideen defentsan kalera irteteko eguna da biharkoa ere. Segi gazte erakundeak deia egin nahi dio euskal gizarteari, eta zehazki euskal gazteriari, euskal preso politikoen eskubideen defentsan kalera irteteko eta hein berean Gobernu espainolak txantaiarako egiten duen erabilpena eta bizi osorako espetxe zigorren ezartzea salatzeko.
Etxerat-ek hilabeteko azken ostiraletan egin ohi dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi du Segik.
Gobernu espainolak eta frantsesak, euskal preso politikoak txantaiarako eta trukerako txanpon gisa erabili nahi dituzte, euren egoera ahalik eta gehien estuturik eta baldintzapen hori Euskal Herrian ireki beharreko prozesu demokratikoaren baldeintzatzaile gisa jarri nahian, eta prozesuaren nondik norakoak desitxuratu eta deskontestualizatu nahian.
Segik deia egin nahi dio euskal gizarteari euskal preso politikoen eskubideen defentsan herri presioa artikulatzera. Herri borrokaren bidez eta etengabeko mobilizazioen bidez lortuko baita euskal presoen aberriratzea, kaleratzea eta euren eskubide guztien jabe Euskal Herrian izatea.