Asteartetik aurrera Ipar Euskal Herriko kulturaz gozatu ahal izango da Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko ira. 28a, 23:42

Getxotarrei Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheko literatura, musika, gastronomia antzerkia eta errealitate kulturala hurbiltzeko eta beren ezagutza sustatzeko asmoz, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak bigarren urtez antolatu ditu “Iparra galdu gabe” lelopeko kultur jardunaldiak. Ekimen horren asmoa da Ipar Euskal Herrian kultur mailan sortzen diren berritasunak udalerrian ezagutzera ematea. Hori dela eta, oraingorako “kalitate handiko programa, mota desberdinetako ekitaldiz osatutakoa antolatu du Udalak”, Imanol Landa Presidentzia Arloko zinegotziaren arabera, “elkar ezagutza sustatzeko kultura oso bide egokia baita”. Jardunaldiak 3tik 8ra ospatuko dira eta hainbat ikuskizun eta ekitaldiren artean, Niko Etxart, bere aita den Dominika Etxart eta Robert Larrandabururen (argazkian hirurak) “Eperra” azken diskoaren kontzertua nabarmendu behar da.

Programa antolatzeko Getxoko Udalak Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) elkarlanean aritu da, Ipar Euskal Herriko euskal kultura bultzatzeko erakunderik garrantzitsuena. EKE 1990ean sortu zen eta gaur egun 100 kultur elkarte eta 140 udalerri ditu partaide. Ekintza propioak antolatzen ditu eta bestetik, artistek proposatzen dituztenak koordinatu eta bultzatu egiten ditu. Daniel Landart EKEko ordezkariaren ustez eskertzekoa da Getxoko Udalak egin lana, “hauxe baita mugaz gaineko loturak lortzeko dagoen adibiderik onena”.

Horrela, datorren urriaren 3tik 8ra adin guztietakoei zuzendutako ekitaldi ugari izango dira Algortan. Urriaren 3an eta 4an Xan Errotabeherek euskal kondairetan oinarritutako ipuinak kontatuko ditu udalerriko zenbait institututan. Urriaren 4an ere, Maialen Errotabeherek “Nere munduak” bere azken diskoa aurkeztuko du, Philippe Albor eta David Usabiaga kitarrajoleen laguntzarekin The Piper´s tabernan. Toki berean baina apur bat geroago Foie dastaketa izango da.

Hilaren 5ean Lucien Etchezaharretak “Mende erdia Iparraldeko literaturan” hitzaldia eskainiko du Itsasganen, Aldai Patronatuaren egoitzan. Saio horretan Kattalin Totorikak eta Miren Aranburuk literatura zati batzuk irakurriko dituzte.

Kontzertua eta kantu afaria Etxart familiarekin

Ostiralean, Niko Etxart eta bere aita Dominika Etxart kantariek kontzertua emango dute Kasino plazan, Robert Larrandaburuk lagunduta. Euren ahots indartsuez baliatuta, amodioari, herri minari eta euskarari kantatuko diete. “Eperra” izenarekin argitaratu duten azken lana aurkeztuko dute bertan. Ondoren, hiruekin betiko kantak abestu ahal izateko kantu afaria izango da The Piper´s tabernan, 15 eurotan.

Urriaren 7an, Burrunka taldeak kale animazioa eskainiko du, gaitarekin eta perkusio-instrumenturekin Algortako Telletxe Plazan. Toki berean ostren dastaketa ere izango da. Jardunaldiei amaiera emateko, urriaren 8an Bizkaiko estreinaldia izango den “Batek mila” ikuskizuna izango da Getxo Antzokian. Horretarako Balet Biarritz konpainia, Baionako Musika Kontserbatorioa, Beñat Achiary kantaria eta Akitaniako eta Baionako Eszena Nazionala batu dira antzerkia, musika, kantua eta dantza elkartzen dituen ikuskizuna eskaintzeko. Euskal Kultur Erakundeak ekoiztuta, bederatzi aktorek, kantarik eta dantzari batek basajaun eta lamien ipuinak herritarren arteko gertakari bitxiekin batera eskainiko dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun