UKBERRI.NETetik ordenagailu bat, material informatikoa eta milaka argazki eraman dituzte lapurreta susmagarri batean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 1a, 21:23

UKBERRI.NET Uribe Kostako digital euskalduneko bulegoan sartu eta bertan zeuden ordenagailua, bi argazki makina eta disko gogor eramangarria eraman dituzte hainbat ezezagunek, komunikabide honek ia hiru urteotan metatutako argazki artxiboa ebatsiz. Getxoko euskara elkartean ere lapurtu dute, bi argazki makina eta hiru telefono mugikor poltsikoratu dituztela. Ostiraleko gaua eta larunbateko eguerdia bitartean, Algortako Karitate kalean dagoen Aldai Patronatuko lau bulegotan sartu dira eta lapurreta susmagarria egin dute. Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, Getxo Herri Kirol taldea, Getxo Rugby taldea eta UKBERRI.NETeko bulegoen ateak apurtu dituzte. Alabaina, bulego guztietan dokumentazioa miatu duteneko arrastoak utzi izanak, orain arte dakigunagatik dirurik eraman ez izanak eta UKBERRI.NETekoak izan ezik lapurrek beste ordenagailuak eta gailu elektroniko garestiak atzean utzi izanak polizia-operazio ilegal baten itxura ematen diote kontuari. Gainera, pasa den ostegunean, Ereagan izandako Espainiako Armadaren paraxutisten erakustaldian UKBERRI.NETeko argazkilariari hainbat oztopo jarri ostean, guardia zibilek argi utzi zioten: “elkar ikusiko dugu”. Era berean, ez da lehenengo aldia udalerrian “inkontrolatuen” horrelako ekintza susmagarriak gertatzen direla, eta adibide bat jartzearren hor dago iazko urrian Getxoko Udaleko LABeko bulegoari su eman ziotela. Argazkian, UKBERRI.NETeko atea.

Antza denez, ostiral gauean edo larunbateko ordu txikietan, Karitate kaleko eraikineko lorategira sartu eta aluminiozko kristalera behera bota zuten lapur bik edo gehiagok. Ebasleek beheko solairuko areto nagusian armairuko giltzarrapoa zizailaz ireki eta barruan zeuden DVD irakurgailu eta grabagailuak, bideo irakurgailuak, musika ekipoa eta bestelako gailu garestiei muzin egin zieten.

Sotoan, aldiz, liburutegiko armairua eta tiraderak miatu zituzten baina ez zuten ezer eraman. Berdin jokatu zuten Getxo Herri Kirol Taldeko bulegoan, aluminiozko atea apurtu ostean. Bizarra Lepoanen, berriz, bi argazki makina eta hiru telefono mugikor eraman zituzten eta nahiz eta diru kutxan aritu ez zuten dirurik eraman. Rugby taldeko ordezkariek falta daitekeena oraindik ez dutela iragarri, kirolarien bulegoan paperak mugitu eta diru kutxa nahastu zuten. Hemen, gainera, sute txiki bat piztu zen ordenagailu ondoan eta paper zein zigarro errautsak agertu dira. Badirudi, lapurren batek erretzen zuen zigarroa ordenagailuko arratoiaren alfonbratxoan utzi zuela eta plastikoak su hartu zuela. Dena den, Ertzaintzak ez du zigarro-puntarik aurkitu.

UKBERRI.NETen, armairu eta tiradera guztiak irekita eta fakturak eta beste paper batzuk lurretik utzi dituzte. Ordenagailua, disko gogorra eramangarria eta argazki makina bi eraman zituzten, bere osagarri guztiekin: transformadore elektrikoak, USB konektoreak eta baita Wi-fi antena ere. Barruan, UKBERRI.NETek 3 urtez metatutako argazki artxiboa eraman dute, milaka irudiekin: kontzertuak, jaiak, prentsaurrekoak, okupazioak, desalojoak, mahai-inguruak, kartelak, natura irudiak, kale erasoak, politikarien agerpenak, manifestazioak, antzezlanak, Korrika, kontzentrazioak, hainbat elkartek utzitako argazkiak, eta abar. Une honetan auskalo noren eskuetan erori diren Uribe Kostako milaka pertsona erreproduzitzen dituzten irudi horiek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun