Zergen igoerari ezezkoa justifikatzeko, "2005eko aurrekontuetatik 19 milioi euro soberan (%25) eta kobratzeke beste 6.300.000" badaudela adierazi zuen Eduardo Andrade popularrak, udal gobernuari "kudeaketa kaskarra" egotziz. "Diruarekin zer egin ez badakizue, hobe herritarren poltsikoan egotea, ezta?", gaineratu zuen. Manu Etxebarria Ogasun zinegotziak, aldiz, dagoeneko diru hori "hainbat egitasmoetara bideratuta" dagoela azaldu zuen. Horretaz gain, familia ugarientzako salbuezpenak eta merkatarientzako hobariak eskatu zuten PPkoek. Beste alde batetik, "gizarteari onura ekarri baino, dirua bildu nahi" izatea egotzi zion udal gobernuari Luis Almansa PSE-EEko bozeramaileak. Guzti hori arbuiatuz, "tasak eta zergak %3,8 gaurkotzearen arrazoia Udalaren ahalmen biltzailea mantentzea dela" esan zuen Ogasun arduradunak, "baita presio fiskala banatzeko ere, kolektibo behartsuenen alde eginez, horien artean, diru-sarrera gutxi dituzten familia ugariak edo errenta maila baxua duten pertsonak".
Tasak gora eta behera
Jose Manuel Etxebarria Ogasun zinegotziak adierazitakoaren arabera, "%3,8ko bataz besteko ajustea egin da, 2006rako aurreikusten den Kontsumo Prezioen Indizearen igoera ezarriz eta tasa batzuk mantenduz edo jeitsiz".
Horrela, esate baterako, eraikitzeko eta lanetako zergak, hirigintz-zerbitzuen tarifak eta lan baimenak ez dira aldatuko. TAOren tarifak ere mantenduko dira eta zenbait aspektutan zerbitzua ere mantenduko da, hau da, isunak borondatezko epean ordaintzen badira %50aren merketzea eta parkimetroan bertan ordaindu ahal izatea.
Fadurako eta Gobelako kiroldegietan familia ugariarentzat dauden hobariak mantendu egiten dira eta baita Musika Eskolan ere. Kiroldegietara ikastaro bat egitera joaten diren umeekin joaten diren laguntzaileentzako doako sarrera zabaldu da eta hemendik aurrera 8 urtera artekoentzat izango da dohainik eta ez lehen bezala 6 urtera artekoentzat. Ereagako igogailuaren prezioak ere ez dira aldatuko.