2006-2007ko programazioa abiatu du Koska irratiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 3a, 21:48

Koska irratiak, eskualdeko irrati librea, atzo ekin zion denboraldi berria zabaltzeari. Horrela, dagoeneko, 8 irratsaio propioak eta albiste zerbitzuen emisioak aurkeztu dituzte jendaurrean Koska irratikoek: “Goizero goizero” magazina, “Itxi Atie Kanpotik” Leioako campusari buruzko saioa, “Studio bat” reggae saioa, “Ohiko susmagarriak” musika eta elkarrizketak tartekatzen dituen familia arteko askaria, “Ziripot kontu kontari” ume zein ez hain umeentzako saio mitologikoa, “Filosofia estudioan” sexualitate praktikorako programa, “Munduko Sustraiak” folk musika irratsaio mestizoa, “Resumen Latinoamericano” ekimen internazioanlista eta “Radio Terror” rock musikaren gotorlekua. Saio guzti hauek, gaztesareak ekoiztutako “Irauli Uhinak” eta Info7 irratiko albistegiekin osatuko dituzte. Dena den, Koska irratiak bere ateak zabalik ditu irratsaioren bat egin nahi duenarentzat. Gainera, hasiera ona izango du "ahotsgabekoen ahotsak": larunbatean Bilboko Kafe Antzokian joko duen Rafael Amor (argazkian) musikari argentinar famatua bihar, asteazkena, 20:00etan izango da Koskako estudioan, “Resumen Latinoamericano” saioan. Musikariak esatariek zein entzuleek egindako galderak erantzungo ditu. Hortaz, bere galderak egin nahi dituenak 944 913 994 telefonora deituz edo resumen@koskairratia.com posta elektronikora idatziz egin dezake.

Koska irratiaren oharrak:

Denboraldi berriari hasiera eman diogu

Udan zehar txozna ezberdinetan lanean jo ta ke ibili ondoren neguko kuartelera itzultzeko ordua heldu da. Irailean zehar eztabaida ezberdinak eta batzar ugari burutu ditugu kurtsoa indarrez hasteko. Eta gaur, Urriak 2, hasiera ofiziala ematen diogu 06-07 denboraldiari.

Aurteko erronkarik handiena goizetako magazina izango da. Goizero-goizero magazina astelehenetik ostiralera emititzeko asmoa dago. Orduroko albisteak, eguneko prentsari errepasoa, elkarrizketak, erreportaiak, agenda kulturala… eta zehazteko dauzkagun beste hainbat ideia. Magazinean gai ezberdinak jorratuko dituzten kolaboratzaileak izango ditugu. Beraz zeozer esateko badaukazu, jar zaitez gurekin kontaktuan.

Goizetako magazinaz aparte arratsaldeko eta gaueko irratsaio autonomoak izango ditugu. Iaz egondako askok jarraituko dute, jende berria gehituko da Koska Irratiko programaziora, beste batzuk bidean gelditu direlarik. Momentuz lotuta dauzkagun irratsaioak ikusteko joan zaitez Programazio atalera.

Gogoratu parte hartu nahi izanez gero, Koska Irratiko mikrofonoak zabalik edukiko dituzula. Gurekin harremanetan jartzeko bidali posta elektroniko bat edo deitu irratiko telefonora.

Aurten ere, Uribe Kostako ahotsgabekoen ahotsa izango gara. Gure herrietan gertatzen dena gure uhinen bidez zure etxeraino eramango dizugu. Eta guztia euskaraz. Koska Irratian 108.0 FM

Rafael Amor musikari argentinarra zuzenean

Datorren asteazkenean, urriak 4, Resumen Latinoamericano irrati saioan elkarrizketatuko eta bere musikarekin gozatzeko parada izango dugu arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Bilborock aretoan Urriak 7an emango duen kontzertuaren atarian berriro Rafael Amor Koska Irratian.

Gogora ezazue zuzenean parte hartzeko bi baliabide dituzuela: 94-491 3994 telefonoari deituz edo emailen bidez (resumen@koskairratia.com) harremanetan jarriz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun