Parkimetroan ordainduta, TAO isunetan "deskontu handiak" iragarri ditu Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 4a, 20:19

Urtarrilaren 1etik aurrera, kreditu-txartelarekin ordaindu ahal izango da Getxo udalerriko gune urdinetan aparkatzeagatik. Gainera, parkimetroetan bertan ordaindu ahal izango dira isunak. Horrela eginez gero, "deskontu handiak" iragarri ditu Iñaki Zarraoa alkateak. TAO zerbitzuaren berrikuntza batzuk dira horiek, joan den ostiraleko osoko bilkuran, beste zortzi urtez esleitu ondoren. Ordutegiari dagokionez, ordu erdi bat atzeratuko da, hau da, goizez 9:30etik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara; eta, orain arte bezala, larunbatetan goizez izango da bakarrik. Abuztu arratsaldeetan eta Larunbat Santuan, aldiz, ez da indarrean egongo. Azkenik, Bizkaiko Zubiaren ondoan dauden bi etxe sail gehiagotan ere jarriko dute TAO: Eduardo Coste kalea eta itsasadarraren artean (Novia Salcedo kaletik plazaraino), hain zuzen ere.

Egungo TAO sistemarekin ordainketa txanponekin edo diruz bete daitekeen txartelarekin egin daiteke soilik. “Datorren urtetik aurrera edozein kreditu-txartelarekin ere egin ahal izango da. Hala ere, diruz karga daitekeen txartelarekin abantaila handia dute erabiltzaileek: ordaindu arren, erabili ez den denboraren dirua eskuratu dezaketelako”, azaldu du Zarraoak. Kultur edo kirol ekitaldien berri emateko ere erabiliko ditu parkimetroen pantailak Getxoko Udalak.

Merkataritzari mesede

Azkenik, orain arte bezala, ez da beharrezkoa izango TAOren tiketa begi bistan ipintzea ibilgailuan eta denboraldi laburrez aparkatzea merkeagoa izango da, “helburua iraupen laburrez aparkatzea erraztea baita". "Denbora luzerako aparkatzen dutenek lurpeko aparkalekuak erabiltzeko ohitura hartzea gustatuko litzaiguke, kalean toki gehiago eduki eta horiek gauza zehatzetarako erabili ahal izateko, hau da, saltokietara joan ahal izateko eta, modu horretan, udalerrian merkataritza sustatu ahal izateko”, azaldu du udal agintari getxoztarrak..
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun