Parte-hartzaileek laguntzarik gabe zeharkatu beharko dute 30.000 itsas milia, bi geldialdirekin soilik. Lehenengoa Australiako Freemantlen izango da eta bigarrena AEBko ekialdeko kostaldeko Virginia estatuan dagoen Norfolkeko portuan. Besteak beste, urtarrilaren 7rako aurreikusten dute Freemantletik abiatzea eta 15erako Norfolketik, azken etapari ekiteko. Iñaki Zarraoak alkateak esandakoaren arabera, "garrantzi handiko ekitaldia da, eta hori dela eta, Getxo udalerria, Bizkaia eta Euskadi jarriko ditu munduan”.
Gaur antolatzen hasi diren “village” izeneko egituraren azalera 5.000 metro koadrokoa izango da, kapitaintzaren eraikinetik eta Kirol Portuko jatetxeen aldetik hurbilen dagoen aparkalekuan kokatuta. Kendutako aparkalekuak ordezkatzeko, luxuzko itsas-bidaia ontzietarako kaiaren ondoko gunean posible izango da autoa uztea, estropadaren aurretiko egunetan; normalean trafikorako itxita egoten den aldean.
Village-a
“Village” izaten da estropada baten behin behineko egoitza izendatzeko erabiltzen den hitza. Formula 1ean erabiltzen diren boxeen antzera, lehiaketari lotutako edozein ekitaldi aurrera eraman ahal izateko. "Kazetarientzako interes gunea izaten da, baita itsasontziak hurbiletik ikusi nahi dituzten, bere nabigatzaileak ezagutu nahi dituzten eta giroan parte hartu nahi duten bisitarientzat ere. Herriko turismoa sustatzeko bulegoak ere ipini ahal izango dira, parte hartzaile, sustatzaile, prentsa eta publikoaren arteko topaketak errazteko. Munduari bira emateko estropada eta kirola orokorrean sustatzeko gune interaktiboa eta didaktikoa da", azaldu dute.
Erdiko aldea izango du, baita harrera areto bat ere; kirol ekitaldiaren berri emateko etorriko diren 200 bat kazetariren, tartean nazioarteko askoren beharrei erantzun ahal izateko: 130 metro koadroko prentsa bulegoa, telebistetarako bi set
eta 100 bat lagunentzako prentsa aretoa izango dira, irudi, soinu eta telekomunikazio mailetan dauden azken teknologiez hornituta, estropadaren egoitzara helduko diren kazetarien beharrei erantzuteko.
Kapitaintzaren eraikinean estropadako bulegorako eta nabigatzaileentzat (skipperentzat) zenbait toki ipiniko dituzte. Velux 5 Oceans estropadaren sustatzaileek eta kolaboratzaileek erakusketak egiteko 1.700 metro koadroko aldea izango dute nasetarako bidean, dendatan banatuta. Getxoko Kirol Portuak dituen bi terraza handietako batean pantaila erraldoia ere jarriko dute, ekitaldiak eta bela ontzien irteera ikusi ahal izateko.
Autobus zerbitzua metrotik
Velux 5 Oceans estropadaren irteerari lotutako ekitaldiak urriaren 10etik aurrera izango dira. Kirol ekitaldi, erakusketa eta zenbait ekimen izango dira lagun ugari erakartzeko. Horretarako, luxuzko itsas-bidaia ontzietarako kaian aipatutako aparkalekua egokitzeaz gain, urriaren 10etik 22ra Neguriko metro geltokia eta Kirol Portuaren arteko autobus zerbitzua izango da, goizeko 10etatik gaueko 10etara bitartean. Antolatutako ekitaldien artean, Bay of Biscay estropada, lehian arituko diren belaontzietara bisitak, parte hartuko duten nabigatzaileekin topaketak, erreskate erakusketak edo Lego jostailu markak osatutako munduko mapa izango dira. Antolatzaileek herritarren kolaborazioa eta sor daitezkeen eragozpenak barkatzeko eskatu dute.