Kultur Errotako bi emanaldi izango dira aurten Erandion

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatutako Kultur Errota zirkuituaren barruan, bi emanaldi hartuko ditu aurten Uribe Kosta eskualdeak. Hain zuzen ere, Berbots Erandion Euskaraz! elkartearen ekimenez, Arima Beltza taldearen (argazkian) kontzertua izango da urriaren 20an, ostirala, 22:30ean, Erandioko azokan. Azaroaren 17an, berriz, "Emetik bertso kabareta" ikuskizuna eskainiko dute Onintza Enbeita, Oihane Perea eta Iratxe Ibarrak, Astrabuduko Trabudu tabernan, 21:00etatik aurrera. Kanta poteoa ere izango da aurretik.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak euskararen erabilera sustatzea du helburu nagusitzat. Hori lortzeko, besteak beste, Kultur Errota zirkuitua antolatzen du, federazioaren kide diren Euskara Elkarteekin batera. Formatu txikiko baina kalitate handiko kultur ekitaldiak antolatuz, hiru helburu lortzen ditu Topaguneak: euskarazko kultur eskaintza aberastea, euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura sortzea eta, azkenik, kulturgileen ekoizpena sustatzea. Guztira 190 emanaldi eskainiko ditu aurten Kultur Errotak. Zirkuituan 46 euskara elkartek eta 94 kulturgilek hartzen dute parte.

Erandion izango diren emanaldiei dagokienez:

Arima Beltza

Blues & Rock estiloa jorratzen duen talde elgoibartar hau 1997an sortu zen. Gaur egun hiru lan ditu merkatuan:

- “Arima Beltza”, 2000ko irailean kaleratua: disko honi esker SGAEk (Sociedad General de Autores y Editores) eta AIEK (Artistas, Interpretes o Ejecutantes) erakundeek antolaturiko Premios de la Musica sarietan izan ziren Madrilen. Beste bi talderekin batera 2000ko Euskal Abesti Onenaren saria jasotzeko izendatuak izan ziren.

- “Blues sustraia", 2002ko urrian argitaratua.

- “Mundurako ateak”: Disko berria Natxo Libertyk grabatu eta ekoiztu du eta 2005eko urriaren erdialdean argitaratu zen Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik. Arima Beltzak “Blues sustraia” bere aurreko lanean egin zuen bezala rockerantz jo du oraingoan ere. Eta bluesa albo batera uzten ez badute ere, riff indartsuek osatzen dute cd berria. Horren lekukoa da lan berriaren hasiera rockeroa, lehen hiru kantek 70eko hamarkadako rock usaina baitute. Hala ere, bada kanta intimo eta lasairik ere, “Joan da” eta “Non zaude?”, adibidez.

Errepertorio zabala du Arima Beltzak, bi orduko kontzertua eskaintzeko adinekoa. Emanaldietan uzta propioko abestiak jotzeaz gain, hainbat talde ezagunen bertsioak egiten dituzte: Led Zeppelin, Rory Gallagher, Thin Lizzy, Steppenwolf, Eric Clapton, John Mayall, e.a. Makina bat kontzertu eskaini ditu: Bilbo eta Ondarroako Kafe antzokian, Kilometroak egunean (bi aldiz), Elorrioko Jazz & Blues jaialdian, Getxoko Nazioarteko Blues jaialdian, hainbat jaietan, tabernetan...eta ETBko programa anitzetan parte hartu du, Goenkale, Bertatik Bertara, Ikusgela, KTM, Hau Komeria...

"Emetik bertso kabareta", Onintza Enbeita, Oihane Perea eta Iratxe Ibarra

Emakume bertsolarion saio esperimentala da "Emetik bertso kabareta". Askotariko emanaldia, koloretsua, gordina, umoretsua eta pikantea. Taberna giroan, kabareten izpiritua bere eginez, entzule-bezeroei une entretenigarri bat eskaini eta emakumeen ahotsak eta bizipenak bertsotan ematea du helburu.

Hiru banketatan eserita, lumadun bufanda koloretsu eta zigarroak ezpainetan. Librean buelta batzuk gure asmoak entzuleriari azaltzeko. Gero, bakoitzak pertsonaia bat hartuko du eta egoera bat planteatuko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun