Espainiako Narratiba Saria eman diote Ramiro Pinilla idazle getxoztarrari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 11a, 00:53

Espainiako Kultur Ministerioak urtero ematen duen Narratiba Sariarekin saritu zuten pasa den ostiralean Bilbon jaio eta 1956tik Walden izeneko Getxoko baserrian bizi den Ramiro Pinilla idazlea. Pinillak 83 urterekin lortu du gaztelerazko “Las cenizas del hierro” liburuarekin Unai Elorriaga algortarrak euskarazko “Sprako Tranbiak” eleberriarekin orain dela bost urte eskuratutako saria. “Las cenizas del hierro” liburua “Verdes valles, colinas rojas” trilogiaren azken zatia da, “La tierra convulsa” eta “Los cuerpos desnudos” eleberrien amaiera, alegia. Iaz, EAEko Narratiba Saria jaso zuen Pinillak, gaztelerazko atalean, “La tierra convulsa” lanagatik. Orain, 15.000 euro jasoko ditu "euskal mundu zail bezain aberatsari buruzko epopeia egiteko gaitasuna izateagatik", Juan Luis Cebrian, Mercedes Monmany, Andres Sorel, Jon Kortazar eta Ana Maria Navales epaimahaikideen ustez. Argazkia: 20 minutos.

Abertzaleak "barregarri" utzi nahian

“Verdes valles, colinas rojas” trilogian ia 2.200 orrialde batu dira 18 urteetan hamaika boligrafok egindako lanen poderioz, Getxo udalerriko eboluzio historikoa, politikoa eta familiarra XIX. mendeko bukaeratik aurrera kontatzeko. Idazlearen arabera, trilogia “nire munduko ikuspegia da, euskal munduaren bitartez”. Dena den, Pinillarentzat idatzitako guztia “unibertsala da, Australian gerta zitekeen, nahiz eta Getxoko giroa gordetzen duen. Hemengoa naiz eta pertsonaiak ezagutzen ditut, horregatik hemen dago girotuta”. Alabaina, hiru liburuetan euskal abertzaletasunaren kontra egiten duela aitortu zion “Deia”ri iaz egindako elkarrizketa batean: “batzuek esaten didate orain bai, eurena naizela. Ez da egia. Eleberrietan euskal kontuez aritzen banaiz eta euren mitoak goratzen baditut, bereziki abertzaleenak, barregarri uzteko da”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun