Hispanitatearen egunari intsumisioa eginez herri eskolak emango dituzte bihar Leioan, Getxon eta Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 11a, 15:26

Bihar urriaren 12a dugu, Hispanitatearen eguna, alegia. Eusko Jaurlaritzako, udaletako eta administrazio, enpresa zein ikastetxe gehinetako egutegietan gorriz markatuta agertzen den data. Aldiz, Udalbiltzak eta makina bat herri mugimenduek kaleratutako egutegietan egun beltza da. Ikasle Abertzaleak erakundeak salatu duenez, “euskal ikasleak Hispanitatearen eta Guardia Zibilaren eguna ospatzera behartu nahi gaituzte. Honen aurrean, ikasleok intsumisio jarrera hartu eta herri eskolak antolatuko ditugu ikastetxeetan, ateak ofizialki irekitzea lortzen ez dugun bitartean”. Hori dela eta, “Jai egun arrotzei intsumisioa” lelopean, bihar 50 bat herri eskola izango dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian, Uribe Kostan gutxienez hiru egingo direla: Leioako Barandiaran ikastetxean, Sopelako Ander Deuna ikastolan eta Getxoko Aixerrota institutuan. Leioako campusaren inguruko informaziorik ez du zabaldu Iak. Bestalde, ikasle erakundeak nabarmendu du aurten Lekeitioko Resurreccion de Maria de Azkue ikastolan biharko eguna “eskola egun arrunta” izatea lortu dutela. Argazkian, iazko abenduaren 6an Barandiaranen burututako herri eskola.

Uribe Kostako Ikasle Abertzaleek ere, “euskal ikasleria zapalduta dagoela” eta “espainiar eta frantziar estatuek inposatzen dizkiguten hizkuntza, kultura eta 'hezkuntza' arrotzaz gain, euren indar polizial eta militarren jai eguna (hispanitate eguna) ospatzera behartzen gaituztela” salatu dute. Egoera horretan, “gure eskubideak erabat bortxatuak dauden honetan”, kokatu dute Frantzia eta Espainia “estatu inposatzaileek gure naziotasunaren kontra egiten dituzten ahaleginak etengabeak” izatea, “horren adibiderik garbiena urriaren 12ko jai egun espainiarra ospatu behar izatea” dela. Hori dela eta, Uribe Kostako ikasleak herri eskoletan parte hartzera deitu dituzte.

Leioako Barandiaran ikastetxeko herri eskolaren egitaraua:

- 9etan, hasiera:
- “Zer ikasten dugu eta nola ikasten dugu” tailerra.
- Summerhill eskolari buruzko bideoa eta eztabaida.
- Luntxa.
- Jolasak
- “Sexua, drogak eta rock&roll” hitzaldia.

Sopelako Ander Deuna ikastolako herri eskolaren egitaraua:
- Bolognaren inguruko hitzaldia.
- Tailerrak.
- Kontzentrazioa udaletxean.

Getxoko Aixerrota institutuko herri eskolaren egitaraua:
- 10:30ean, Bologna prozesuari buruzko hitzaldia eta mahai-ingurua.
- Ondoren Lurralde Zati Planari (LZP) buruzko hitzaldia eta mahai-ingurua.
- 12:30ean, jolasak.
- 14:00etan, IAren aurkezpena.
- 14:30ean, bertso luntxa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun