Bihar egingo diren “intsumisio ekimenetan” eta herri eskoletan parte hartzera deitu du Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 11a, 16:02

Bihar burutuko den Hispanitatearen egunaren harira kaleratutako prentsa ohar baten bidez, Segi gazte erakunde ilegalizatuak Euskal Herriko gazteria deitu du “urriaren 12an, egingo diren intsumisio ekimenetan parte hartzera, baita Euskal Herriko herri eta auzoetan antolatuko diren herri eskoletan partaide izatera”. Era berean, urriaren 12a “intsumisio jarreren bidez dagozkigun eskubideak eskuetan hartu eta inposaketa honi guztiari hortzak erakusteko eguna” dela gogoratu du. Bide horretan, Segik jakinarazi du “justizian oinarritutako bakea ezinezkoa izango dela indar armatu okupatzaileak gure artean dauden bitartean” eta deia egin die gazteei “indar arrotz okupatzaileak Euskal Herritik alde egin dezaten borroka egiteko”.

Segi gazte erakundearen oharra:

Ostegun honetan, urriaren 12an, Estatu espainiarrak Euskal Herriaren zapalkuntza, ukazioa eta zatiketa ospatzen duen eguna da. Indar armatu okupatzaileen eguna da, alegia, horiek baitira Euskal Herriaren aurkako inposaketa eta kolonizazioaren berme eta bitarteko nagusia, indarraren eta biolentziaren bidez gure herria eta herritarrak zanpatu eta kultura arrotzera kondenatzearen isla. Egun hau, Espainiar faxisten inposaketaren adibiderik argienetarikoa da. Euskal Herriak gatazka politikoa eta armatua bizi duela argi asko adierazten duen adierazlea. Iruñeko karriketan, Euskal Herriko hiriburuan, egingo duten desfile faxista ere horren erakusle izango da.
Euskal gazteria gatazkara kondenatzen gaituztenen eguna da. Herri honetara sufrimendua ekartzen dutenen eguna. Euskal Herriaren eta herritarren sufrimendua eta isuritako odola ospatzen duten eguna.

Urriaren 12an, euskal gazteok ez dugu ezer ospatzeko. Intsumisio jarreren bidez dagozkigun eskubideak eskuetan hartu eta inposaketa honi guztiari hortzak erakusteko eguna da; zapalkuntzari eta kolonizazioari aurre egin eta borrokarako eguna da. Euskal gazteria bakean bizi nahi duen gazteria dela eta hori lortzeko borrokaren bidea besterik gelditzen ez zaigula adierazteko eguna da.

Bakeaz hitz egiten den garai honetan, argi adierazi behar da justizian oinarritutako bakea ezinezkoa izango dela indar armatu okupatzaileak gure artean dauden bitartean, eta horregatik beraien berehalako alde egitea exijitzen dugu. Herriaren bidez, herritarrek eraikitako herri presioaren bidez, borrokaren bidez, lortuko da okupatzaileen hatzaparrak Euskal Herritik alde egitea, eta Segik deia egin nahi dio euskal gazteriari indar arrotz okupatzaileak Euskal Herritik alde egin dezaten borroka egiteko.

Segi gazte erakundeak deia egiten dio euskal gazteriari ostegunean, urriaren 12an, egingo diren intsumisio ekimenetan parte hartzera, baita Euskal Herriko herri eta auzoetan antolatuko diren herri eskoletan partaide izatera. Euskal herritarrak garela adierazteko eguna baita ostegunekoa, eta indar okupatzaileak gure herritik alde egin dezaten aldarrikatzeko eta borrokatzeko eguna. Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko!!! Independentzia!!!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun