LABek zabaldutako prentsa oharra:
Inposatutako jai iraingarririk ez!
Urtez urte, lan-egutegiak inposatzen dizkigun hainbat jai espainiar ospatu behar ditugu ezinbestez, euskal langileen gehiengoarentzat guztiz iraingarriak izan arren:
- Urriak 12, gaur egun Espainiako jai nazionala eta beste sasoi batean Hispanitatearen jaia edo Arrazaren eguna izan zena. Mendeetan zehar, Euskal Herriaren aurkako errepresioaz Hispanitate hori ezartzen ahalegindu eta ahalegintzen dira, herri bat garen neurrian dauzkagun eskubideak zapalduz. Jai hau ospatzeak hau guztia suposatzen du. Eta, honetaz gain, jakina, Inperio espainiarraak gurutzearen eta ezpataren izenean Latinoamerikako herrietan egindako sarraski guztiak ospatzea ere bai: genozidioa, baliabide ustiaketa, hizkuntza eta kultura akatzea...
- Abenduak 6, Espainiako Konstituzio eguna. Jai honen ospaketak Hegoaldeko herritarroi gure eskubideak ukatzen dizkigun lege-markoa ospatzea adierazten du. Autodeterminazio eskubidea, galarazten diguna, hain zuzen ere.
Tamalgarria da euskal erakundeek Estatuak jai iraingarriz osatuz finkatzen duen egutegia besterik gabe onartzea. Hauxe da inora ez garamatzan autonomismoaren isla!
Lan egutegi propio baten alde
LABek, data horien aurrean, intsumisioaren alde jotzen du. Uste dugu egoera honen aldaketarantz bideratutako ekimenak garatzeko garaia heldu dela:
- Euskal Herriarentzat, Estatuko beste herrientzat, baita Ameriketako herri indigenentzat inposaketa diren data hauek salatu.
- Urriaren 12ko eta abenduaren 6ko jaiak gabeko lan-egutegi propioa Gasteiz eta Iruñeko gobernuei eskatu.
- Enpresa barruan eta negoziazio kolektiborako esparruan, jai hauek bestelako batzuekiko trukaketa aztertu.