Europako EMAS arautegia borondatezko mekanismoa da ingurumenaren alorreko beren jokabidea hobetu nahi duten Europako enpresentzat; horrek ingurumen legedia betetzea bermatzea, ingurumen informazio baliozkoa ematea eta enpresaren irudia gizartearen eta kontsumitzaileen aurrean hobetzea dakar.
Metro Bilbaok jakinarazi duenez, EMAS erakunde batek bete behar dituen, eta “Metro Bilbaok bere egiten dituen konpromisoen artean”, ingurumenaren alorrean etengabe hobetzea eta legedia betetzea daude, baita jendeari ingurumen alorreko politikak, egitarauak eta kudeaketa sistemak eskueran jartzea ere, interesdun guztiekin elkarrizketa irekia ahalbidetuz, gainera.
"Gardentasunaren" seinalea
Europako EMAS sarietarako hautagai izan aurretik, Metro Bilbaok 2005ean bere ingurumen kudeaketako sistemak ekokudeaketa eta ekoikuskaritza sistema honen bidez egiaztatu zituen, eta EMAS ziurtagiria lortu zuen. EMAS arautegia 1993ko ekainean onetsi zuen Europako Legebiltzarrak, Europako erakunde guztiengan ingurumen jokabidean hobekuntza etengabeak sustatzera eta jendeari oro har eta interesdunei bereziki informazio egokia helaraztera begira. EMAS arautegia aplikatuz, enpresek ziurtatzen dute indarreko ingurumen legedia erabat betetzen dutela, eta bere lehiari eta enpresa eta langileen arteko harremanei ere bultzada ematen diete.
EMASen erregistratzeak indarreko legedia betetzea ez eze, Metro Bilbaok “erabateko gardentasunez” jokatzen duela erakusten du, eta aldioro ingurumen datuak argitaratzera eta argitaratutako datuei buruzko edozein kontsultari erantzutera ere behartzen du. Alde horretatik, Metro Bilbaok bi ingurumen txosten (2002 eta 2003) eta Iraunkortasun txosten bat (2004 urteari buruzkoa) argitaratu ditu dagoeneko. Informazio hori guztia ikusgai dago helbide honetan www.metrobilbao.com.