Euskarak merezi du telebista berri bat, oso-osoa euskarazkoa. Euskaldunok merezi dugu telebista berri bat, euskaraz hitz egingo diguna lehen hitzetatik hasi eta azkenera arte. Gure herrietako informazioa euskaraz jaso gura dugulako, gure aisia euskaraz bizi nahi dugulako, telebista berri bat sortzeko hautua egin dugu.
Estilo propioko telebista nahi dugu, berton bizi garen guztion ezaugarriak aintzat hartuko dituena. Zabala, askotarikoa, dinamikoa eta serioa. Modernoa eta solidarioa. Gure inguru urbanoari neurria hartuko diona eta, era berean, euskararen herriaren lurralde osoa aintzat hartuko duena; gainerako eskualdeetako euskarazko telebistentzat lagungarri eta, ahal dela, eredugarri.
Udaberrian, egitasmoaren lehen urratsa plazaratu genuenean, gogoratuko duzu: gurekin izan genituen Bizkaiko kultura-eragile eta euskaltzale zenbait (Gotzon Garate, Irkus Robles, Txuma Murugarren, Ikerne Goikoetxea, Miren Agur Meabe, Jose Angel Iribar, Julio Ibarra, Kepa Junkera, Edurne Brouard, Andres Urrutia... eta, hedabideetako espazio-urritasuna dela-eta, izena hemen ez jartzea barkatzen dakiten beste hamaika lagun on). Jende desberdina denak, eitez eta moldez. Denak bat etorrita helburu bati begira: telebista berri bat euskaraz. Horrexek batu gintuen, horrexek batzen eta batuko gaitu.
Behetik gora antolatutako telebista bat eraiki nahi dugu euskararen errekan. Telebista herrikoia. Bizkaiko euskaltzaleak animatu gura ditugu proiektua lantzera, proiektua diseinatzera, proiektua eztabaidatzera, proiektua diruz laguntzera. Gure herrian egitasmo eraikitzaileak horrela egiten dira: denen eskuartzearekin, auzolanean.
Erdu gugaz, erraza da: eragileak[abildua]hotmail.com
Egin dezagun denon artean euskaraz telebista berri bat. Egin dezagun euskaldunok euskaldunontzako telebista berri bat.
Jose Inazio Basterretxea, Ainhoa Markinez, Gotzon Hermosilla, Estitxu Garai, Lutxo Egia, Koldo Zelestino eta Jabi Lauzirikak sinatzen dute Ibaizabal Talde Eragilearen izenean
Gaiaren inguruko berriak
Euskarazko telebista digitala sortzeko ekimena abiatu dute (2006 Mai 19)