Hego Euskal Herrian, Espainiako egutegi lotsagarria dugu aspalditik, oinarrizko legediaren arabera autonomia erkidego guztiek nahitaez bete beharrekoa (2001/1983 Errege Dekretua), eta zentzugabeak, bitxiak edota gorrotagarriak iruditzen zaizkigun gertakariak gogoraraztera behartzen gaitu horrek batzuk, baina ez guztiok. Gaurkoa da horietako bat. Alde batera utzi behar dira ustez santu baten babespean egoteagatik jaieguna duten herri eta auzoak.
Bitxia da zaindaririk ez duen nazioa izatea gurea -halakoak beharrezkoak izanez gero-, munduan gutxi baitira halakoak. Beraz, lurraldeen artean horietako batzuk hitzartzeko garaia izango da akaso, ongi sustraituta daudenak. Lotsagarria da, baina, lan egutegia egiteko orduan -bat bera Espainia guztirako, eskualdeen araberako aldaketa txikiren batekin-, beti akats eta gehiegikeria berak egitea: urtarrilaren 6a, oker Aste Santu deitutakoa, uztailaren 25a, urriaren 12a, eta abenduaren 6a eta 8a. Oinarrizko araudi horren arabera, martxoaren 19a eta uztailaren 25a hautazkoak dira. Estatu mugakideetako baten jaiegun eta topikoak ospatzera behartuta gaude.
Eusko Jaurlaritzak aspaldi arduratu behar zuen ordezkaritzaren eta irudiaren inguruko gai horiez, herrialde bateko jaiegunak ere nortasun sinbolo baitira. Hala, jaiegun kopurua txikitu gabe, horiek egoki banatu beharko lituzke, gero eta Europaren antz handiagoa edukitzeko, ez herrialde bananeroena. Ulertezina bada ere, gobernuek ez dute inolako lotsarik eduki etengabe zapaltzen gaituen nazioaren ospakizun eta jaiegunak dituen egutegia proposatu eta onartzeko. Lotsagarria da berriz ere gizarte eta nortasun inperialismoa jasan beharra, ia inolako erantzunik eman gabe.
Urteko ospakizunak kontuan hartuta egiten da jai egutegia; ospakizun horiek erritu erlijiosoak -oso hedatuak batzuk-, jai sozialak, tokiko santu eta jaiegunetan jatorria eta tradizioa duten ospakizunak eta abar dituzte oinarri, eta horiek osatzen dute indarrean dauden lan eskubideak betetzeko urtero moldatu eta hitzartzen den saila.
Kulturaren Euskal Planean ez da horren inguruko hitzik ere ageri; ez da komeni eta, gainera, ez du etekinik ematen. Ondare immateriala herrialde baten kulturaren zati da, nortasunaren zati, eta ohitura zaharrak biltzen ditu, herri ohiturak; horrenbestez, arautu egin behar dira tokiko ospakizun horiek interes nazionaleko jaiegun izan daitezen bete beharreko baldintzak.
Iritsi behar du, ordea, amore-emate luze eta umiliagarri hori guztia leherrarazi eta konpontzeko egunak, isiltasun kolektibo gozo honek ez baitu uzten sumatzen hori zer-nolako autoestimu galtzea den. Autodeterminazioak eta independentziak egutegi propioa edukitzea dakarte, noski, gurea herri berezia dela erakusten duena, Europarekin bat datorrena, baina Espainiarekin ez; ez behintzat indarrez. Ospakizun laidoztagarri horiek lehenbailehen eta behin betiko kendu behar dira. ELA eta LAB sindikatu abertzaleak zergatik ez dira zorrotzago mintzatzen? Grebetan saltokiak ixtera behartzen duten informazio piketeak dauden bezala, duintasun nazionala aldarrikatu eta administrazioak, enpresak, saltokiak eta abar irekitzea exijituko luketen piketeek atera beharko lukete gaur.
Nire ideologiarekin bat egiteko, beti bezala egingo dut lan gaur; gogorrago, agian, baina zoritxarrez, beren buruak abertzaletzat dauzkaten askok nire telefono deiak ez dituztela erantzungo ikusiko dut, eta horien udaletxe, bulego eta lokalak itxita daudela. Are gehiago, inork gaur proiekturen bat enkargatuko balit, berehala eta ilusioz egingo nioke kasu, eta beherapena ere egingo diot, Euskal Herrian jaieguna denean behar bezala ospa dezan. Eskaintza honek lehen aipatutako beste jaiegunetarako ere balio du.
Euskaldun izateko sakrifizio asko egin behar dira egun, oraindik, eta, beraz, ezin dugu Espainia baztertu eta horren ideologiarekin, zaindariekin eta jaiegunekin bat egin. Zenbat eta euskaldunago, orduan eta ez-espainiarrago.
Iñaki Uriarte arkitektoaren iritzi-artikulu hau gaur "Berria"k itzuli eta argitaratu du