Uribe Kosta mailako hitzorduarekin bat eginez, 150 lagun inguru zegoen, 13:00etan, Algortako metro geltoki ondoko plazan. Abiatu direnean, aldiz, ertzainak (6 furgoneta ibili dira, horietako bi brigada higikorrekoak) jarri zaizkie aurrean, Telletxe eta Algortako Etorbidearen arteko bidegurutzean, martxa oztopatuz. Orduan, kaboa pankartan zegoen jendearengana hurbildu eta, urriaren 12ko mobilizazio guztiak debekatuz, Baltasar Garzon epaileak kaleratutako autoa erakutsi die, manifestazioa legez kanpokoa zela jakinarazteko. "Kargatzeko asmorik ez zeukatela adierazi digu eta nahi bagenuen manifestazioa egiteko. Hori bai, identifikatzen zituztenak inputatu gisa joan beharko zirela Madrilera ohartarazi digute", azaldu du Mitxel Sarasketak.
Preso ohiak berak eman du aurpegia (EHNA erakutsiz. Espainiako Nortasun Agiriko zenbakia ere eskatu diote ondoren, baino aldean ez zeramala erantzun du), ertzainen aurrean. Hala ere, "oihuak aitzaki hartuta" bi minutu eman diete sakabanatzeko. Tentsio uneak tarteko, mobilizazioari amaiera ematea erabaki dute Telletxen bildutakoek. Ostean, brigada higikorreko hainbat agente gelditu dira inguruan, Gorrondatxe herriko taberna begibistan zutela.
Gertatutakoaren inguruko argazki gehiago ikusgai Etengaben eta UKBERRI.NETek Flickr-en duen kontuan.