Uribe Kostako herri eskoletan 80 bat lagun elkartu da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 12a, 22:41

Ikasle Abertzaleak erakundeak egindako deialdiari erantzunez, dozenaka ikasle elkartu da gaur, urriak 12, Leioako Barandiaran ikastetxean (25 lagun), Sopelako Ander Deuna ikastolan (18 lagun) eta Algortako San Nikolas plazako frontoian (40 bat lagun), herri eskoletan parte hartzeko. Azken hauek Getxoko Aixerrota institutuan egitekoak ziren, baina tokiz aldatu behar izan dituzte baimenak eskatzen berandu ibili direlako. Hezkuntza zentroetako ateak zabalduz, euskal ikasleak "Hispanitatearen eta Guardia Zibilaren eguna ospatzera behartu" nahi dituztela salatu du IAk. Argazkia: herri eskolak bukatuta, 13:00etako manifestaziora joateko aukera izan dute Algortan batutako ikasleek.

“Jai egun arrotzei intsumisioa” lelopean, goizean goiz hasi dira herri eskolak Uribe Kosta eskualdean. Leioako Barandiaran ikastetxean 25 lagun batu dira. Bertoko IAko arduradunek nabarmendu dutenez, "aurten ez da inolako oztoporik egon". Hain zuzen ere, zuzendari aldaketari egotzi diote egoera hobetzea: "aurreko urteetan kanpoaldean egin behar izaten genituen herri eskolak; aurten, ordea, giltzaz zabaldu digute atea". Sopelako Ander Deuna ikastolan, berriz, 18 lagun batu da, Bologna prozesuaren gainean eztabaidatzeko. Leioan bezala, "oso positibotzat" jo dute gaurko saioa sopeloztarrek. Azkenik, toki aldaketa tarteko, 40 ikasle inguru elkartu da Algortako San Nikolaseko frontoian, Aixerrota institutuko IAk deituta. Etengabe, Ertzaintzaren furgoneta hamar bat metrora izan duten arren, "arazorik ez" dela egon baieztatu dute bertoko ikasle erakundeko arduradunek. "Gustura egon da jendea", gaineratu dute.

Gaiaren inguruko berriak:

Hispanitatearen egunari intsumisioa eginez herri eskolak emango dituzte bihar Leioan, Getxon eta Sopelan (2006 Urr 11)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun