Itsaso Payak eta Peru Vidalek Bizkaiko Bertsolari Txapelketan aurrera jarraituko dutenentz erakutsiko dute bihar Sestaon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 15a, 00:36

Txapelketa nagusia oraindik guztion buruan dagoela, Bizkaiko bertsolariak dagoeneko oholtza gainera egin dute salto berriro. Pasa den igandean Zamudion Gorka Ostolaza finalaurrekoetarako aulkia eskuratu eta gero, Itsaso Paya Ipar Uribeko txapeldun algortarra eta Leioako Peru Vidal bertsolarien txanda helduko da bihar, igandean, Sestaoko musika etxean, 17:00etan. Haiekin lehia estuan izango dira Joseba Artza, Iñaki Iturriotz, Ander Elortegi eta Lander Ibarluzea. Bestalde, Unai Iturriaga eta Igor Elortza ez aurkeztu izanaren ondorioz, inoiz baino eskurago dagoen Bizkaiko txapela Uribe Kostara ekartzeko ALBEko bost boluntario daude “Bapatean Bizkaian” txapelketan: bihar abestuko duten Itsaso Paya eta Peru Vidal, urriaren 29an Igorren abestuko duen Ekaitz Larrazabal “Katxo” eta finalaurrekoetan batuko diren Fredi eta Xabi Payatarrak. Horietaz gain, Itzubaltzeta / Erromoko bertsozaleek izango dute nor animatu. Izan ere, txapelketan ere dagoen Oihana Bartra Bilbo aldeko txapeldun santutxuarra zuzentzen du Itzubaltzeta gaztetxeko bertso eskola.

“Bapatean Bizkaia” lelopean arituko dira Bizkaia osoan zehar bertsolariak, bapatean abestuz. Bidai horretan, ohitura den legez, geldiune bat egingo du bertso tropelak azaroaren 26an Algortan, bertan hiru finalaurretako bat burutuko baita. Finala, berriz, abenduaren 16an egingo dute ailegatutakoek Bilboko Euskalduna Jauregian.

Baina finalaurrekoak eta finala baino lehen, bost kanporaketa daude. Bakoitzean, irabazlea sailkatzen da eta horiekin batera, kanporaketa guztien artean puntu gehien eskuratu dituzten zazpi bertsolariak izango dira. Hiru finalaurrekoetan abestuko duten 18 bertsolarien kopurua osatuz, aurreko edizioko finalistak batuko dira Gernika-Lumo, Algorta eta Durangoko plazen zozketan. Hortaz, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Igor Muniategi eta Fredi eta Xabi Paya zuzenean izango dira finalaurrekoetan. Bertan izango da ere Gorka Ostolaza, Zamudioko saioa irabazi ostean. Bertan izandako besteak itxaron behar izango dute pilatutako puntuek atea irekitzen dioten jakiteko. Hurrenez hurren honakoak dira: Miren Ibarluzea, 394,5 puntu; Beñat Ugartetxea, 387,5 puntu; Eneko Abasolo, 375,5 puntu; Amaia Uribe, 330 puntu eta Mikel Galarza, 308 puntu.

Egitaraua:

- Urriaren 15ean, Sestaoko musika etxean, 17:30ean: Joseba Artza, Itxaso Paya, Iñaki Iturriotz, Ander Elortegi, Lander Ibarluzea eta Peru Vidal.

- Urriaren 22an, Arrigorriagako Lonbo aretoan, 17:30ean: Oihana Bartra, Jon Barrocal, Jon Unanue, Jabier Olibares, Urtzi Urrutikoetxea eta Olatz Ibarluzea.

- Urriaren 29an, Igorreko Kultur Etxean, 17:30ean: Onintza Enbeita, Eñaut Intxaurraga, Iker Belaustegi, Ekaitz Larrazabal “Katxo”, Joseba Gojenola eta Gorka Lazkano.

- Azaroaren 5ean, Aulestiko pilotalekuan, 17:30ean: Oihane Enbeita, Juanjo Respaldiza, Matxalen Zabaljauregi, Ibon Ajuria, Ander Oleaga eta Lander Gabixola.

- Azaroaren 19an, Gernika-Lumon finalaurrekoa.

- Azaroaren 26an, Algortako Getxo Antzokian finalaurrekoa.

- Abenduaren 3an, Durangon finalaurrekoa.

- Abenduaren 16an Bilboko Euskalduna Jauregian “Bapatean Bizkaia” Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun