ALBEko lagun andana tartean, 250 bat pertsona batu ziren Sestaoko musika etxean Leire Bilbaok gidatutako saioa jarraitzeko. Lehenengo agurretik banatu zuten egurra bertsolariek eta Peru Vidal eta Itsaso Paya "Bapatean Bizkaian" karteleko bonbillapean zeudelako kexatu ziren besteak, Uribe Kostakoak "iluminatuta" egonda desoreka sor zitekeelako. Handik gutxira heldu zitzaien biei zortziko nagusiko txanda eta bi lankide ohien paperak hartu zituzten, bata diru arazoekin eta bestea diru poltsikoa betea. "Zure soldatako zati bat eman / gosez hilda gaude eta" agindu zion Peruk Itsasori. Itsasok, baina, aholkuak baino ez zizkion eman bueltan.
Iturriotz “flako, flako” aritu zen
Ander Elortegi gernikarra eta Lander Ibarluzea etxebarritarra izan ziren ostean, haien zaletu talde sutsuaren pozerako. Ander, aita, bere semea Lander utzi behar zuen udan egoitza batean. Landerri, baina, ez zitzaion udarako plana gustatu eta aitari ohartu zion "zahar egitean andreak zuri / egingo dizu berdina".
Baina lehenengo barre algara Joseba Artzak Iñaki Iturriotzi esandakoekin batera heldu zen. Binakako lanean, lan ostean gimnasiora joaten ohi den langileak "flako, flako" egoteagatik gimnasiora joan behar duela Iturriotzi aholkatu duenean, "bestela erdibituko dela / giharrak lan egin ezean".
Zortziko txikira pasatzean ez zuten umorea galdu bertsolariek eta gainera gaiek algararako aukera eman zuten. Lehenengo bikotean, Peru konturatu zen egunero Anderren taxian egiten duen bidaia betiko 10 minutuak iraun beharrean 20 minutu irauten duela azkenaldian. Peruk aurpegiratu zion gernikarrari: "orain ez dut ulertzen / nik zure jokoa / karneta ez nuen atera / baina ez naiz tontoa". Ander, berriz, aitzakiarik bilatu ez eta kontraerasora pasatu zen eta Peru egunero mozkortuta eta hamaika porro erreta doala esan ostean bere jokabidea argitu zuen: "uste nun ez zinela konturatzen eta". Peruk, berriz, kalte-ordainak aldarrikatu zituen: "hurrengo hilabetean / ez dut ordainduko" eta Ander serio plantak eginda erantzun zion "baina potarik ere, mesedez ez bota". Leioztarrari iseka gustatu ez eta argi ibiltzeko ohartarazi zion Anderri: "ez da hemen geldituko / egingo dut gehiago / ta ez harritu bihar / taxia ez badago". Gernikarrak orduan mehatxatuta sentitu beharrean algaraka hasi zitzaion Peruri: "zure kexa ohiekin / nazkatu naz jada / sasoia duzu eta / karneta atara".
Umore fina ere izan zuten izpide Lander Ibarluzeak eta Joseba Artzak. Lander kanpora joan behar eta etxeko giltzak utzi zizkion badaezpada ere Joseba auzokideari. Bueltan, Lander etxea hankaz gora aurkitu zuen eta Josebari errieta bota zion: "zer egin duzun esan / garbitu aurretik". Joseba serio-serio eta inozo aurpegia jarrita erantzun zion publikoaren irrien artean: "orain 20 urte / ezagutzen gara / dakizuna jakinda / zelan harritu zara?".
Itsaso mutilzalea
Zortziko txikiko azken lana egokitu zitzaien ondoren Itsaso Paya eta Iñaki Iturriotz koadrila bereko lagunei. Iñakik inoiz bikotekiderik izan ez duenari atzo Itsasok bere hamargarren mutil-laguna aurkeztu zion. Saio politean Iñakik kritika egin zion algortarrari: "izenak ikasten be / badaukazu lana", baina Itsasok horri garrantzia kendu nahirik Iñakiri buruz hasi zen mintzatzen: "zuk beraz badaukazu / bertute zerrenda / hala ere maitasuna / begitik sartzen da". Iñakik mutil guztiak Itsasoren atzetik ibiltzeari ez zion normala iritzi, "polita bazintezke / ulertuko neban". Itsasok Iñaki garaiari inbidioso deitu ostean bertsoa di-da amaitu zuen: "honek tontotik dauka / luzetik adina". Iñaki orduan, aurreko bere bertsoa ahaztuz edo, errespetua eskatu zuen publikoaren algaren artean eta bake giroa eskatu zion Itsasori: "lasai ez dut izan nahi / hamaikagarrena". Itsasok, baina, pikeari eutsi zion: "zu hamaikagarrena? / zaude hain berde... / Ez zintezke izango / amestuta ere".
Minutu bat arnasa hartzeko eta puntukako lanak jarri zizkioten Itsaso Payari: "loterian jokatu / dozu aspaldian... / ta zeozer lortuko / nik dut gaur agian / nahiz ta holan ibili / desertu erdian / sinistu beharko dut / behingoz be zorian". Bigarren gaian aztia izatea tokatu zaio izan: "gaur zer gertatuko dan / igarri ezkero... / ez nuke ezer esango / ta nengoke bero / loterian bezala / zorian bezero / isilduko nintzateke / hori jakinda edo".
Ama gogoan
Ondoren Peru Vidalen txanda izan zen, "Sestaoko kaletan / ibili al zara?..." puntuari erantzunez. "Ibili naiz. Galtzea / oso erraza da" hasi ostean txapelketara eta musika eskolako sarrera hurbildu zen: "ta jendea zegoen / hor zegoen ilara". Benetan bitxia izan zen bigarren puntuari emandako buelta, izan ere, "hemendik urtetean / zein da zure plana?..." puntuari erantzuten bere amarekin gogoratu ostean "ohera txintxo-txintxo / ta berak laztana" bukatu zuen Peruk.
Ander Elortegik ere bere ama gogoan izan ostean Leire Bilbaorekin ligatzen saiatzeko astia izan zuen: "zeinek hartu behar du / hurrengo musua?... / gai jartzailearengan / emango dut pausua / neska nirekin dozu / benetan arazua / musu emango dizut / gainera gozua".
Baina Peru eta Ander ez ziren azkenak ama gogora ekartzen. Lander ere "zuk egiten al dozu / goizetan ohea..." puntuari erantzunez amaren aholkuak esan zituen gogoan eta ere bai berak emandako aitzakia: "baina ez da geratzen / hain dotorea". Iñakik bere aldetik "eta zuk ba al dakizu / zer dan pekatua..." jakin bazekiela argitu ostean "baina ni formala naz / mutiko santua" aitortu zuen era garbian.
Kartzelak Uribe Kostarenak egin zuen
Kartzelako lanekin batera etorri ziren, berriz, eskualdeko bi bertsolarien komeriak. Sei bertsolariei jarritako gaia izan zen oporretatik bueltan etxeko postontzian bankuko gutuna baino ez dutela aurkitu. Gai horren pean, Itsasok bota zituen bertsorik hunkigarrienak hamarreko handian: "nik neuk, gutunak idatz ditzadan / beti ibili naiz alfer / baina idazten, idazten dut bai / teknologiari esker. / Letoniatik idatzi dut, bai / idatzi dut mila bider / ta etxera heldu ta postontzian hau / baino ez, ez banaiz oker. / Ez dut ulertzen: / nire lagunek ahaztu naute edo zer?".
Bigarren bertsoan, baina, ustezko lagunak gogoan trabatu zen Itsaso eta bertsoa bukatzen kostatu zitzaion: "normala al da dena eman ta / ezer ez jasotzea". Hirugarren bertsoa, aldiz, oso txukun bota zuen Itsasok: "fakturak hartu ta gora noa / irribarrez eta tinko. / Hau gertatu da, zer egingo diot / honengatik ez naiz hilko. / Laguntasuna gora ta behera, / ama! zenbat mito. / Ahaztu naute, ahaztu ahal naute / ahaztu naute eta kito. / Ta ziur nago txapeleketara / ez direla etorriko".
Ondoren izan zen Peruren txanda. Leioztarrak erregistroa zeharo aldatu zuen eta bere sosak agortu dituen langile tristearen ikuspuntutik ikusi zuen postontziko edukia: "urte guztia lana egiten / aste baten xahutzeko". Bigarren bertsoan, atakera pasatu zen Peru eta bankua erre behar zuen baloratu ostean horrela bukatu zuen, bukaera hirutan errepikatu behar izan zuela: "bakean utzi, mesedez / banketxeak beti putre / baina hobeto beste lekuan / eskatu beharko balute. / Ezer ez daukat eta dirurik / non bilatu beharko dute". Hirugarren bertsoan berriz, alde egitea hobe zuela erabaki zuen Peruk: "oraingoan bai, guztia hartu / ta bakarrik joango naiz".
Kartzelan barrukoak ere present egon ziren
Ander Elortegik umoretsu hartu zuen gaia, eta Peruk zabaldutako haritik tinko heldu zuen leioztarrak aurretik botatakoak entzun gabe zegoela. BBVA eta BBK-ko 13. gutuna jaso eta "denak zenbakiz, denak gorriz / ezin da jarraitu horrela / nabaritzen da bankuek ere / faltan botatzen naute" ironiaz bota zuen gernikarrak. Bigarren bertsoan hari berdinetik tira egin zuen: "kartak ikusi ta hartzen ditut / egunero hainbat susto / kartillak hutsik, lehen esan dut” / semea daukat lekuko. / Bankuek hortxe egon dira zai / ni etxera noiz helduko” eta tranparen bat asmatuko zuela iragarri ostean “20. be helduko / hauek ordaindu orduko” amaitu zuen Anderrek. Hirugarren bertsoan, berriz, buelta eman zion gaiari eta bankuko gutunek sortzen dioten atsekabea ez dela hainbestekoa esan eta publikoaren txalo zaparrada handiaren artean “kartzeletatik heltzen direnak tristeagoak baitira" amaitu zuen.
Lander Ibarluzearen txanda helduta nahiko konforme agertu zen egoerarekin: “amodiozko gutunik behintzat oraindik ez dut topatu”, baina gero hobetu pentsatu zuen: “bizitza hain da jarraia / beti ordaintzen ta beti triste / dirua eske etsaia (bis) / etxera heldu, etxera sartu / eta berriz hutsik mahaia”. Landerrek ezin izan zion malenkoniari eutsi eta “ta almohada ere dauka bankuaren usaia” bukatu zuen kartzelako bigarren bertsoa. Azken bertsoan berriz, neska-lagunarekin partekatu zuen egoera: “gutxiago da falta ordaintzeko / pozik oheratuko gara”.
Joseba Artza sendo agertu zen kartzelan: “aurten berriro lagun guztiok / joanak gara Saloura / hangoa giro ederra eta / hangoa bai abentura”. Ondoren, kutxazainetara egindako bidaien buelta eskuan zeharo aldatu zitzaion gogoa: “hau da daukadan depresioa / hau da daukadan tristura (bis)”. Bigarrenean ildo malenkonikoari jarraituz aurrera egin zuen Josebak: “denak numero negatiboak / denak hortxe papelean / kolore asko ez zait gelditzen / aurpegiko azalean”, tragedia bizian bukatzeko: “gazte txartela kendu didate / hori dio gutunean / suizidioz pentsatzen ere / hasi naiz azkenean”. Baina errautsetatik ateratzen den gizon berri legez amaitu zuen Joseba Artzak azken saio puntugarria: “Aste Santuan berriz Saloura, / bizitza lau egun dira”.
Galileako Jesusi leporatzen dioten “Azkenak lehenak izango dira” esaldia agian ez du balio izango zeruetako erreinurako, baina atzo egokia izan zen Sestaoko kanporaketan. Proba gehienetan azkena izatea tokatu zitzaion gero puntu gehien batuko zuen Iñaki Iturriotzi eta horrela gertatu zitzaion kartzelako lanarekin ere. Eta emaitzan bezala, oporretan ez zen ibili Josebarengandik oso urrun: “Benidormetik bueltan hor nator / einda urteroko jira / nire etxera heldu gurean / badot begietan dizdira”. Baina berak beste mutilek ez bezala, Itsasorekin partekatu zuen laguntasunaren kezka, algortarrak baino askoz baikorrago: “berba gutxiko lagunak dodaz / lagunak baldin badira”. Bigarren bertsoan egoerak eragindako sentimenduen berri eman zigun: “triste nago ta nire aurpegia / ezin dot inon izkuta / besteen karta bat espero neban / hori nik ezin uka”, baina bankuko gutuna irekitzean egoera txarretik alde ona zelan bila daitekeen erakutsi zuen Iturriotzek: “kutxako neska egongo al da / nirekin maiteminduta?”. Azken bertsoan ere, baikortasunaren ikurra bihurtu zen igorreztarra: “bankuan zorrak dauzkat baina / berdin berdin maite naute”.
Agurrik kilometrikoena
Ondoren epaimahaikideek batu eta sailkapena adostu zuten. Sestaoko Euskara zinegotziaren eskuetatik Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lanpara jasotzen lehena Peru Vidal izan zen. Horrek ahal izan zituen pertsona guztiak agurtu zituen, bertsoaren neurriari kasu egin gabe: “nire buruan bonbilla ez da / egon hau bezain pizturik (“Bapatean Bizkaia” kartelekoa seinalatuz) / baina hala ere gustora nago / hemen nago oso pozik / gaur eta atzo Per eta Indar / deika dira ibilirik / han lehengusuak, Leioako gazteak, aita ta ama, Inaxio, Beñat / etorri dira etxetik / bertso eskolako presentzia / ere ez da esan beharrik / lagundu nauen bat ere bada / butaka horretan jesarririk / egin dut egin dudana / dena egin dut zuengatik”.
Lander Ibarluzeak, berriz, erruki jokatu zuen publikoarekin: “denak ez dira ni bezalakoak / ta segi bertsozaleak izaten”. Ondoren, Itsaso Payak bota zuen agurra: “saio aurrera joan da / ondo ondo, ederto / ta ziur joango dela / hurrengoan hobeto / egia esan badaukat / hainbeste eskertzeko”. Eta eskerrak eman ostean finalera begira nebei zuzendu zitzaien, tartean Xabi aretoan adi-adi zegoela: “publikoa izango naiz / zuek animatzeko”. Ander Elortegik ahal izan zuena egin zuela azpimarratu zuen, “ondo entrenatuta / juerga bota barik”, gainera. Joseba Artzak, bigarrena saioaren sailkapenean, umil jokatu zuen: “gehiago egin nahi gendun / baina garena baino ez gara”. Bukatzeko, Iñaki Iturriotzek harritu gisa azaldu zen: “eskerrik asko gaurko honetan / apurtu dut nire marka” eta herrikoak eta familiakoak kontuan hartu ostean jasotako lanparari so egon zen: “nogaz banatu badaukat baina / zer banatu daukat faltan”.
Sailkapena
Xabi eta Fredi Paya, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue eta Igor Muniategi dagoeneko finalaurrekoetarako sailkatuta daude, iazko finalistak izan zirelako. Haiekin batera Gorka Ostolaza eta Iñaki Iturriotz izango dira Gernika-Lumon, Algortan edo Durangon. Zamudion eta Sestaon izandako bertsolariek itxaron behar izango dute pilatutako puntuek atea irekiko dioten jakiteko. Hurrenez hurren honakoak dira: Miren Ibarluzea (394,5) Joseba Artza (393), Beñat Ugartetxea (387,5), Eneko Abasolo (375,5), Ander Elortegi (354), Itsaso Paya (340,5), Lander Ibarluzea (334), Amaia Uribe (330), Peru Vidal (318) eta Mikel Galarza (308).
Egitaraua:
- Urriaren 22an, Arrigorriagako Lonbo aretoan, 17:30ean: Oihana Bartra, Jon Barrocal, Jon Unanue, Jabier Olibares, Urtzi Urrutikoetxea eta Olatz Ibarluzea.
- Urriaren 29an, Igorreko Kultur Etxean, 17:30ean: Onintza Enbeita, Eñaut Intxaurraga, Iker Belaustegi, Ekaitz Larrazabal “Katxo”, Joseba Gojenola eta Gorka Lazkano.
- Azaroaren 5ean, Aulestiko pilotalekuan, 17:30ean: Oihane Enbeita, Juanjo Respaldiza, Matxalen Zabaljauregi, Ibon Ajuria, Ander Oleaga eta Lander Gabixola.
- Azaroaren 19an, Gernika-Lumoko Jai Alai kiroldegian, 17:30ean, finalaurrekoa Xabi Paya, Arkaitz Estiballes eta sailkatutako 6 bertsolarirekin.
- Azaroaren 26an, Algortako Getxo Antzokian 17:30ean, finalaurrekoa Fredi Paya, Iratxe Ibarra eta sailkatutako 6 bertsolarirekin.
- Abenduaren 3an, Durangoko Ezkurdi frontoian 17:30ean, finalaurrekoa Etxahun Lekue, Igor Muniategi eta sailkatutako 6 bertsolarirekin.
- Abenduaren 16an Bilboko Euskalduna Jauregian “Bapatean Bizkaia” Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala 17.30ean.