Auzipetuek bidalitako oharra:
Urriaren 17an ikasleon eskubideen alde egiteagatik epaituko dituzte 103 ikasle. 2003. urtean Leioan ULOren aurka egindako itxialdi batean parte hartu, unibertsitateko zaindariek handik bota, Ertzaintzak identifikatu, eta erakunde armatuan parte-hartze ez-zuzena leporatu zien Getxoko epaile batek. 103 gara. Bere garaian ikasleak eta azkenaldian, UPV eta beste hainbatengatik kriminalak kontsideratuak.
2003ko apirilean batu ginen Leioako campusean itxialdian, Espainiako estatutik zetorren lege itxurako mamua gelditu nahian. Mamu horrek izen-abizen propioak zituen: ULOz ari gara, bere garaian inposatu nahi ziguten eta datorren hilabeteetan inposaketa berreditatu nahi duten dekretu arrotz, atzerakoi eta zentralista horretaz.
Gaueko ordu txikietan, zinpeko zaindariak agertu eta Leioako kafetegi nagusitik kanporatu ziguten, ikasleok erresistentzi pasiboa egitea erabaki genuenean. Behin kaleratuak izan ginenean, UPVk bidalitako indar polizialengatik identifikatuak izan ginen banaz banan, unibertsitatetik atera gintuztela era berean. Argi gutxiko epaile batek, Auzitegi Nazionalaren bidean jarri zuen auzia, erakunde armatuan parte-hartze ez-zuzena leporatuaz. Gaur da eguna, non apirilaren 7 hartan identifikatuak izan ginen 103 ikasle horiek, urriaren 17an Getxoko epaitegian ospatzekoa den epaiketa baten zain aurkitzen garen.
Ekimen hartan, argi utzi genuen ez ginela inongo inposaketarik onartzeko prest. Euskal ikasleria ez zela agintari ezberdinen aurrean makurtzen erakutsi genuen. Hala pentsatzen genuen, eta hala pentsatzen dugu orain ere, ULO eta edozein lege autonomikoetatik haratago, Europako goi-mailako hezkuntza arautu nahi diguten honetan. Zentzu honetan, ULOren moduko dekretuak ez direla Bologna Prozesuaren aplikazioa malgutzen duten neurriak besterik adierazi nahi dugu. Halako neurriek, unibertsitatearen pribatizazioa dakartzate, homogeneizazioa, hezkuntzaren merkantilizazioa; euskararen egoera okertu baino ez dute egiten. Azken finean, euskal ikasleon eskubideak zapaltzera eta urratzera datoz.
Urriaren 17an ikasleon eskubideen alde egiteagatik epaituko gaituzte. Komunitate unibertsitarioko kideoi etorkizuneko unibertsitate eredua inposatu nahi digutela salatu nahi dugu, nola eta, komunitate honetako kideoi iritzia eskatu gabe. Gainera, iritzi hori emateko edozein asmo isilarazi dute, ikasleak jipoituz, mehatxatuz eta epaitegien bidean jarriz.
Kriminalizazioa; hori da inposaketaren aurka egiteagatik ordaindu beharreko prezioa. Ikasleak, gaizkileak bagina legez, sinismen propioak izateagatik gara kondenatuak.
Guzti honen erantzule UPV dugu. Inposatzaileen konplize izateaz gain, ikasleen aurkako hautua egin zuen 2003ko apiril hartan, campusean indar polizialen presentzia bultzatuaz.
Urriaren 17an ospatuko den epaiketaren harira hainbat kontu mahaigaineratu nahi ditugu:
-Batetik, epaiketa honen erantzuleak (kasu honetan, UPVko agintari sektorea) erreflexiora deitu nahi ditugu; ikasleria ez dago horrelako erasorik onartzeko prest eta epaiketa honen eta etorkizuneko erasoen aurrean neurriak hartu ditzatela eskatzen diegu, egoera hau berriro errepika ez dadin.
-Bestetik, bere garaian azaldu genuen legez, ez gaude inongo inposaketarik onartzeko prest, ez lege autonomiko, ez estatal, ez eta inongo iruzur europarrik ere. Zentzu horretan, inposaketen aurrean tinko eusteko jarrerari eutsiko diogula adierazi nahi dugu, epaiketa ororen eta eraso guztien gainetik.
-Azkenik, urteetan egin duen legez, UPVk ikasleon eskubideak urratzen dituela eta jarraituko duela ikusten dugu. Beharrezkoa dugu, guztion artean adostutako Euskal Unibertsitate bat sortzea, gugandik sortua, herritik sortua. Inposaketa ororen gainetik, amets hori egi bihurtu dadin lanean ibiliko garela adierazi nahi dugu.