IAren prentsa oharra:
Hilaren 17an, 103 ikasle izango dira epaituak Getxoko epaitegian, kriminalak bezala kontsideratuaz. Beraien delitua, 2003an Leioako campusean eginiko ULOren aurkako itxialdi batean parte-hartzea da, hau da, inposaketen aurka eta euskal ikasleon eskubideen aldeko ekimen baten parte izatea.
103 ikasle horiek, inposaketen gaineko aldarria zabaldu zuten ekimen hartan. Espainiako estatutik zetorren lege arrotz, atzerakoi eta zentralista hark, ikasleon eskubideak urratzen zituen banan-banan. Euskal ikasleriak, ez zela agintarien aurrean makurtzen erakutsi zuen; hortzak erakutsiaz, ULOren abolizioa exijitu zuten.
Hala egin zuten 103 ikasle haiek eta hala egiten dugu orain ere egungo euskal ikasleok, ULO eta edozein lege autonomikoetatik haratago, europar goi-mailako hezkuntza esparrua arautu nahi diguten honetan. ULO, mamu handiago baten neurriak malgutu baino ez ditu egiten; ULO, Bologna Prozesuaren bide-laguna da, elikatu egiten du, ondorioak apurka-apurka barnera ditzagun. Hezkuntzaren homogeneizazioa dakar horrek, kalitatearen degradazioa, pribatizazioa, unibertsitatea multinazional eta elite indartsuenen eskuetan erortzea. Gurea bezalako herri txiki batentzat, ondorio kaltegarriak baino ez ditu ekartzen horrek: euskararen desagerpena, euskal edukien ahaztura, eta abar luze bat. Eta garrantzizkoena dena, oinarrizko- oinarrizko irizten dugun hezkuntzarako dugun eskubidearen urraketa, euskal ikasleok ditugun gainerako beste eskubideen zapalketarekin batera.
Inposaketa. Hori da egungo agintariek egiten dakiten bakarra. Urriaren 17an, euskal ikasleon eskubideen alde egiteagatik izango dira epaituak 103 ikasleak, inposaketa horien aurka egiteagatik. Komunitate unibertsitarioko kideoi, etorkizuneko unibertsitate eredua inposatu nahi digute, nola eta, komunitate horretako kideei beraien iritzia eskatu barik. Aitzitik, iritzi hori emateko edozein asmo isilarazi dute, ikasleak jipoituz, mehatxatuz eta epaitegien bidean jarriz.
UPV dugu guzti horren erantzule. Batetik, bera da ikasleon kriminalizazioa posible egiten duena, ikasleak kondenatzen dituena. Bera da 103 ikasle horiek datorren hilaren 17an Getxoko epaitegian egotearen errudun bakarra. Eta honetaz gain, inposatzaileen konplize, lagun-min eta borrero bezala ere jokatzen du, euskal ikasleoi arrotz egiten zaizkien dekretu (ULO kasu) eta prozesuak (Bologna kasu) onartuaz eta aplikatuaz.
UPV da 103 ikasle horiei gerta litekeenaren erantzule bakarra. Hori dela eta, epaiketaren egunean, urriaren 17an, antolatuko diren mobilizazioetan parte-hartzera deitu nahi da ikasleria. Honek ezin du horrela geratu; UPVk, egun horretan, euskal ikasleon etsai bezala jokatzen duela salatuko dugu. Ozen entzungo dute, euskal ikasleon eskubideen aldeko borrokan jarraituko dugula tinko, edozein eraso eta epaiketen gainetik.