Urriaren 21ean presoen alde bustitzera deitu dute Algortako Portu Zaharrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 17a, 14:52

Itsasoruntz ekimena antolatu du urriaren 21erako Uribe Kostako herritar talde anitz batek. Antolatzaileek adierazi dutenez, "Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponbiderako abian den prozesuari gure ekarpen txikia eskaintzeko sortu dugu, egitura politikoetatik kanpo, herritarren borondate soila eta egoeraren larritasuna oinarri dituena; prozesuaren parte sentitzen garen heinean, gure ekimenak euskal presoen egoerari harreta berezia jarri gura dio". Ekitaldia festa giroan pasatzeko asmoa dute eta jarduera nagusia hauxe izango da: itsasoan ahalik eta surflari gehien biltzea, Guinness errekorra lortzeko asmoz. Ekitaldia, esan legez, hilaren 21ean egingo da (13:00) Algortako Portu Zaharrean, Portu Zaharra eta Arriluze kaia herritarrekaz lotzeko denak uretan daudela. Horrez gainera, agurra (11:00), prentsaurrekoa (11:30), herri kirolak eta surf ikastaroa (12:00), eta lunch-a eta bertso saioa (14:30) ere egongo dira.

Osterantzean, hiru eskaera egin gura dizkiete herritarrei: prestatu duten aldarrikapen testuari atxikitzea, ekitaldian parte hartze zuzena eduki eta ekimena antolatzeko baliabide ekonomikoak batzen lagun dezatela.

150 surflari

Dagoeneko surflari ezagun hauek atxikitu dira ekimenera: Eneko Acero, David Bustamante "Zumo", Jon Garai, Asier Clemente, Aritxa Saratxaga, Gabriel Arostegi, Iker Fernandez, Idoia Lorente, Iker Fuentes, Dani Alonso, Hegoa Zabala, Iker Acero, Isuzko Barrenetxea, Josu Ubieta, Igor San Miguel, Kepa Acero, Oier Indarramendi, Asier Muñain eta beste 132 surflari gehiago.


Aldarrikapen testua:

Uribe Kostako herritar talde anitz batek Itsasoruntz izeneko ekimen berri bat martxan jarri du. Uribe Kostan surfaren maitaleok sortu dugun ekimen honek egun Euskal Herrian sukaldatzen den prozesu politikoari bultzada bat ematea du helburu. Dinamika herrikoia, parte-hartzailea eta egitura politikoetatik at jaiotakoa, malgua eta bateratzailea.

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponbiderako abian den prozesuari gure ekarpen txikia eskaintzeko sortu dugu Itsasoruntz, herritarren borondate soila eta egoeraren larritasuna oinarri dituen ekimena.

Bide horretan, gatazka politikoaren behin-betiko soluziobidea bilatzeko erronkan, agente guztien parte hartzea beharrezkoa da, eta herritarrena bereziki, prozesua babestu eta bermatu nahi izanez gero. Gure ekimenak Euskal preso guztien egoerari arreta berezia jarri nahi dio. Horretarako, itsasoan ahalik eta surflari gehien bildu nahi ditugu, Guinness errekorra lortuz.

Egun Euskal Herrian martxan dagoen prozesu politikoan herritarren parte hartzea ezinbestekoa bada, presoek ere, prozesu honetan agente diren neurrian, haien ordezkaritzaren bidez parte hartu behar dute. Presoen eskubideak, guzti-guztiak, errespetatu behar dira, egoera politiko-sozialaren gainetik; eta eurak edo senitartekoak ezin daitezke erabili prozesua bera edo prozesuaren parte diren beste agenteen jarrera politikoa baldintzatzeko asmoz. Presoen eskubideekin ezin da jolastu. Gatazkaren gizatasuna oinarri, pertsona ororen eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatu eta bermatu behar dira.

Ildo honetan, hauexek dira gure aldarrikapen zehatzak:

1.- Zigorraren 3/4ak bete dituzten presoak kalera, orain!
2.- Gaixo dauden presoak kalera, orain!
3.- Euskal presoak Euskal Herrira, orain!
4.- Bizitza osorako zigorrik ez!
5.- Presoen eskubide zibil eta politiko ororen errespetua, orain!

Itsasoruntz ekimena
Harremanetarako: itsasoruntz[a bildua]hotmail.com
Diru laguntzak emateko: 2095 0022 00 9107848794 BBK
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun