Kontzertu antifaxista egingo da larunbatean Barakaldon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 17a, 18:14

Herri Norte Taldea (HNT) eta Celtarras futbol zaletuen taldeek antolatuta, eta Oi! Kobras, Pilseners, Suspenders eta Skarmento musika taldeei esker, kontzertu eta jaialdi antifaxistak izango dira larunbat honetan (urriak 21) Dorretxea Barakaldoko gaztetxean. Ekimena Coruñan erasotutako eta isunez jositako 3 Athleticzalerekin elkartasunean egingo da. Pasa den maiatzaren 13an, Galizian izandako partiduan, 3 euskal hintxek jaso zuten Riazor Blues talde faxistaren erasoa. Gainera, Espainiako Poliziak ere HNTko kideen kontra egin zuen eta azkenean, euskal futbolzale bakoitzari 3.000 euroko isuna jarri diote. Hori dela eta, jaialdian jasoko den dirua isunak ordaintzeko bideratuko dute. Sarrera gaztetxean bertan erosi ahal izango da, 5 euroren truke, jaialdia hastean, gaueko 10etan.

Kontzertuarekin batera hainbat kontu ospatzeko aukera izango du bertan batuko den publikoak, esate baterako Skarmento streetpunk musika talde galiziarrak bertan aurkeztuko du bere CD berria. Era berean, Pilseners Bartzelonako talde mitikoa kontzertu honen bidez bueltatuko da eszenatokietara eta jotzeari utziko dion Oi Kobras! taldeak jaialdi honetan emango du bere azken kontzertua. Gainera, Oi Kobras! taldekideek jakinarazi dutenez hainbat opari prestatu dute haien zaletuentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun