“Nork nori zor? Zor ekologikoa” DVDa aurkeztuko dute ostegunean Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 17a, 20:15

“Nork nori zor? Zor ekologikoa” DVDren lehenengo proiekzioa eskainiko du Ekologistak Martxan taldeak Bilboko Zazpikaleetako Ekoetxean ostegunean, arratsaldeko 7:30ean. Ekologistak Martxan taldeko Zor Ekologikorako batzordeak lantzen duen gaietaz oso erabateko DVDa sortu du. Zor ekologikoaren inguruan, DVDak besteak beste arrazoi sozialak, kontsumoaren eraginak, beste herrien mendekotasunaren ondorioz inposatutako proiektu bortitzak eta hauek ingurumenean dauzkaten ondorioak adierazten ditu. Betiko legez, horri aurre egiteko aukerak eskaintzen dira eta haien artean aktiboki eta politikoki aritzea. Bideoan Ekologistak Martxan taldeko batzorde kideetaz gain EHNEko Arantza Arrien, Paul Nicholson eta Hellen Groomek, Biziz Bizik, Hegoak taldeko Itziar Hernandezek, Nigerian Progressive Union-eko Leo Ogunleyek, Zordunek eta Iñaki Antigüedad, Roberto Bermejo eta Iñaki Barcena unibertsitateko irakasleek parte hartu dute. Filma José Manzanedak zuzendu du, eta 28 minutu irauten du. DVDa elebiduna da euskaraz zein gaztelaniaz ikus daiteke.

Baliabideen %80 xahutzen du biztanleen %20k

Ekologistak Martxan jakinarazi duenez, “zor ekologikoa, kontzeptu bezala, gure bidegabeko gizarte eredua aztertzen saiatzen da. Eredu honen atzean, iparraldeko herrialdeok, munduko biztanleen %20 soilik izanda, natur eta energia baliabideen %80 gastatzen dugu. Horrek ingurumenean suposatzen duen eragina izugarrizkoa da”.

Horregatik, DVD honekin zor ekologikoan kokatzen diren eragin desberdinak azaltzen dira. Hauek dira: karbono zorra (gasen isurketen ondorioz, berotegi efektuak, ozono geruzaren suntsipena), biopirateria (multinazionalek antzinako ezagumenak eta natur baliabideak bereganatzea), ingurumen pasiboak (baliobideen erauzketaz, azpiegituraz, ekoizpenaz eta garraioaz sortutako eraginak) eta hondakin toxikoen Hegoalderako esportazioa.

Eraginen artean, batzordeak jarraitzen dituen Repsol-YPFek Ekuadorren eta Shell-ek Nigerian izandakoak aztertzen dira ere DVDan. Talde ekologistaren aburuz “DVDa hezkuntza eta gai honen zabaltzerako ezinbestekoa izango da”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun