Orain dela hamar bat egun Bizkaiko Ezker Batua-Berdeak alderdiko prentsa bulegoak jakinarazi zuen bihar Algortako egoitzan errausketari buruzko mahai-ingurua egingo zutela. Getxoko Ezker Batua-Berdeak antolatutako ekitaldian Juan Lopez de Uralde Espainiako Greenpeaceko zuzendari exekutiboak, Jonathan Martinez EB-Berdeen Ingurumen Idazkaritzako arduradunak eta Ekologistak Martxan taldeko kide batek parte hartuko zutela iragarri zuten. Ezker Batuak kaleratutako karteletan, baina, Martinezen ordez Iñaki Urkiza Getxoko EBBko zinegotzia agertzen zen. Datu hori berrestu zuten astelehenean Getxo Gorriakoek, Getxoko EBBko kideek eratutako EBBren webgune “ez ofiziala”.
Beste mahai-inguru bat ordu berean
Atzo, inolako azalpenik gabe, Bizkaiko Ezker Batuko prentsa bulegoak jakinarazi zuen Ekologistak Martxan ez zirela izango errausketari buruzko eztabaidan. Lehenengo unean ekologisten hutsunea logikoa izan liteke bihar ordu berean Ekologistak Martxan “Nork nori zor? Zor ekologikoa” DVDa aurkeztu behar baitu. Baina, bere aldetik, Ekologistak Martxan taldekoek atzo jakinarazi zuten bihar beste mahai-inguru bat burutuko dutela Andramari elizaren ondoan dagoen Getxoko kultur gelan. “El proyecto de urbanización de Andramari de Getxo” titulupean egingo den hitzaldian Fernando Hevia arkitektoa eta Aralarreko burua 2003ko udal hauteskundeetan eta Jose Ramon Ortiz Ekologistak Martxan elkarteko batzorde juridiko kidea izango dira hizlariak. Mahai-inguruan, Getxoko egitasmoaren zein Bizkaiko kostaldeko herrietan martxan dauden beste proiektuen ezaugarriak ezagutzeko aukera emango da.
Ekologistak Martxan eta Ezker Batuaren arteko dibortzioa eta kontraprogramatzearen irudia garbiago emateko, Juan Lopez de Uralde Greenpeaceko zuzendari exekutiboaren egoera biguntzeko, edo beste arrazoiren bat tarteko, gaur goizean Bizkaiko Ezker Batuko prentsa bulegoak jakinarazi du bihar 17:00etan Urkiza eta Lopez de Uralde Algortako Ezker Batuko egoitzan batzartuko direla. EBBren oharraren arabera, Urkizak Getxon 8.500 etxebizitza, tartean 5.500 babestutakoak, eraikitzeko proiektuaren berri emango dio Lopez de Uralderi.