Erandioko PPk ez du babestuko udal zergen igoera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 19a, 20:04

Erandioko Alderdi Popularrak jakinarazi du Udal Gobernuak proposaturiko udal zergen igoeraren aurka bozkatuko duela. Javier Ruiz PPko zinegotziak argudiatu duenez, Udal Gobernuak aurkeztu duen %3,8ko igoerari ezetz esatean kontuan hartu dute azken lau urteotan udal zergak %15 igo direla, tarte horretan kontsumorako prezioen indizea eta, orokorrean, erandioztarren soldatak %10 bat igo direla. Ruizen esanetan, Erandioko Udal Gobernuak auzotarren zergak zergatik oraindik gehiago handitu nahi duen ez dute ulertzen popularrek, udal zorra murriztu dela eta Udalak bankuetan dirua duela jakina denean. Horregatik, zergen eta tasen igoerak moteltzea eta baliabide urriak dituzten pertsonei presio fiskal baxuagoa jartzea eskatu ditu PPk. Ondare fiskalak jaso beharko lituzketenen artean oinarrizko pentsioak jasotzen dituztenak, luzaroko langabetuak, edo lanbide arteko gutxieneko soldata baino gehiago kobratzen ez dituztenak aipatu ditu Ruiz zinegotziak.

Era berean, Erandioko PPk gaitzetsi du Udal Gobernuaren jarrera, “baliabide eta tresna errazena erabiltzea nahiago duelako: auzotarrari zergak igotzea”. Gainera, ukatu egin dute horrek zerbitzu hobeak eskuratzeko balio izango duenik, “Udal Gobernuak darabilen kudeaketagatik”. Horren beharrean, zerbitzu horiek finantzatzeko beste alternatiba batzuk bilatu behar direla esan du Ruizek, nahiz eta alternatiba horiek zeintzuk izan daitezkeen ez duen argitu.

Bestalde, Javier Ruizek azaldu du “hainbat zergetan, Jarduera Ekonomikoen gainekoa, Higiezin Ondareena edota plusbalioetan gure udalerriko presio fiskala Bizkaiko udalerrien media baino handiagoa da. Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, gurea bezalakoak edo handiagoak diren Galdakao, Barakaldo, Durango edo Bilbo udalerrietan baino handiagoa da hemengo presio fiskala”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun