EPPKko gose grebarekin elkartasunez kontzentrazioa egingo dute iluntzean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 20a, 16:45

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideak Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako espetxeetan atzo eta gaur burutzen ari diren barauari lotuta, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkarretaratzea deitu du gaur iluntzeko 8etarako Algortako Telletxe plazan. “Euskal preso politikoak borrokan. Nazio bat gara. Amnistia. Autodeterminazioa” lelopean, hiru eskaera zehatz aldarrikatuko dira premia handiz arratsaldean Algortan: gaixo larrien zein espetxe zigorra bete dutenen kaleratzea eta euskal presoen Euskal Herriratzea, “dagozkien eskubide guztien jabe”. Protestak Batasuna eta Askatasunaren atxikimendua jaso du. Egun, Uribe Kostan 33 preso politiko daude, haietatik soilik bi, Andoni Muñoz urduliztarra eta Marian Perez del Rio algortarra, aurkitzen dira Euskal Herrian. Beste 28 Espainiako kartzeletan daude eta 3 Frantzian. EPPK, guztira, 611 lagunek osatzen dute egun, irailaren 28ko datuen arabera, eta 13 baino ez daude Euskal Herrian. Beste 449 preso Espainiako Erresuman daude eta 149 Frantziako Errepublikako ziegetan. Irudia: Lortu arte.

Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, “Txikierdi”, eta Argi Perurena EPPK-ko bozeramaileek iragan den igandean iragarri zuten, “Berria” egunkariaren bidez, atzoko eta gaurko baraua, autodeterminazioa, lurraldetasuna, estatus politikoa eta amnistia osoa aldarrikatzea helburu duena. Era berean, EPPKko ordezkariek argi utzi zuten “prozesu demokratikoa” kinka larrian ikusten dutela eta “bakea presoen truke” planteamunduak ez duela konponbidea ekarriko: “Horretan tematuak daudenek, berriz ere jakin dezatela alferrik ari direla. Euskal Herriaren arazoa ez gara euskal preso politikoak, gu ondorio bat gara. Herri honetan autodeterminazio, lurraldetasun eta amnistiaren bidetik barneratzearekin bakarrik gaindituko da gatazka”.

Bestalde, atzo beste mobilizazio batzuk egin ziren euskal preso politikoen alde. Eskualdean, 22 lagun batu ziren Berangon. Leioan, berriz, 47 pertsona parte hartu zuten espetxeratuen aldeko protestan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun