Ertzaintzako Brigada Higikorrak hainbat pilota bota ditu 20:45ak aldera Algortan presoen alde elkarretaratu diren lagunen kontra. Iluntzeko 8etan deituta zegoen Telletxe plazan EPPK kideekiko elkartasunezko mobilizazioa “Euskal preso politikoak borrokan. Nazio bat gara. Amnistia. Autodeterminazioa” lelopean. Baina, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Aretoko epaileak arratsaldean debekatu du Algortako “manifestazioa”.
Kaleratutako autoan (pdf), Garzonek argudiatu du Espainiako Poliziaren txostenen arabera, gaurko protesta Askatasunak deitua zela, eta Ertzaintzari agindu dio berau oztopatzea eta parte hartzaileak identifikatzea. Ekitaldia burutzera 100 bat pertsona agertu dira, baina ikusita Ertzaintzak egindako erakustaldia, bertan behera utzi dute ekitaldia eta Senideak elkarteak lanegun orotan Telletxe kalean egiten duen kontzentraziora batu dira. Ertzaintzak adineko andra bat identifikatu arren kontzentrazioa 30 bat minutuz lasai burutu da. Baina hori bukatu ostean, Ertzaintzak oldartu zaizkie inguruetan gelditu diren auzokideei, hainbat lekukok UKBERRI.NETi azaldu bezala. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, “Algortarekin erabateko obsesioa daukate” eta beste herrietan ez bezala iragan den asteko manifestazioa ere debekatu izana ekarri dute gogora. Argazkian, artxiboko irudi bat /
Indymedia Euskal Herria.