Arriskuak ekidituz
Kantauri itsasoari begirako ekitaldia 11etan hasi behar bazen ere, antolakuntzak ordubete atzeratu du dena, bestela marea behe-behean egongo zelako surflariak uretara botatzeko orduan. Inguruak dituen haitzak eta Galdaretxen egiten ari diren lanek sor zitezkeen arriskuak gutxitu nahi izan dituzte horrela.
Eguerdian, Portu Zaharreko eskailerak jaitsi dituzte, arrantzalez jantzita, Itsasoruntz ekimeneko hainbat lagun eskuetan sare bat sostengatzen zutela. Arrainak beharrean, ekimeneko ikurrak eta Uribe Kostako 33 preso politikoen erretratuak eraman dituzte porturaino. Presoei agurra dantzatu ostean, saretik askatu dituzte presoak, Kantauri itsasoren babespean jarriz. Geroago, preso ohi batek eta Peña Txuri surf eskola kide batek manifestua irakurri dute euskaraz zein gazteleraz.
Ondoren, taldeka antolatu dituzte surflariak. Gorria, konpromisoaren kolorea, egoki diete, kamiseta banaz, eskarmentu handiko surflariei. Berdea, esperantza, ohola gainean hainbatetan igo direnei. Azkenik, zuria, bakea eta justiziaren kolorea, jarri diete noizbait surfeatu dutenei zein gaur lehenengo aldiz taula esku artean hartu dutenei. Parte hartzea hain arrakastatsua izanik, surflarien erdia elastiko barik gelditu da, nahiz eta neopreno trajeak eta oholak guztientzat egon diren, hainbat jendek bereak izan ezik beste batzuk ekarrita.
Gezia eta borobila
Berde zein zuridunek ikastaro azkar bat jaso ondoren, gorridunek gezi-punta bat osatu dute itsasoan jendearen txalo eta presoen aldeko oihuen artean. Geroago, neofitoak batu dira geziaren atzekaldea egiteko. Horrela, Itsasoruntz ekimeneko ikurra uretan osatu dute. Horren ostean, Hawai uharteetako bizilagunengandik mundu osoko surflariek ikasi eta hartutako hildakoak eta ez daudenak omentzeko ohitura bat ekarri dute gurera: eskuak helduta borobila osatu dute surflariek. Geroago olatuak egin dituzte eta amaitu dute ur-ikuskizuna portura zuzenduz. Bertan, euskal presoak etxeratzeko zein amnistiaren aldeko oihuen eta txalo zaparrada ederraren artean jaso dituzte. Surflariak ere pozik irten dira, nahiz eta batzuek neke-neke eginda egon. Indarrak batzeko luntxa izan dute eta ondoren. Xabier Amuriza, Xabi Paya, Arrate Illaro, Galder Bilbao “Txapi” eta Fredi Paya bertso saioa eskaini dute, besteak beste, euskal presoak, surflariak, Portu Zaharra edo bertan ezkontzako argazkiak ateratzen zebilen bikotea izan dituztela hizpide.