Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetarako txartela eskuratu du Oihana Bartrak Arrigorriagan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 23a, 02:31

Oihana Bartra Arenas santutxuarra sailkatu zen atzo Arrigorriagako Lonbo Aretoan egindako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketan. Itzubaltzetako bertso eskolako irakaslea den Bilboaldeko txapelduna hasieratik kiniela guztietan egoteagatik presiopean abestu egin behar izan zuen. Oihanak saio akatsgabekoa, ona eta pertsonala egin zuen eta, behetik gora lasai joanez, kartzelako laneko hirugarren bertsoan ailegatu zen unerik gorenera. 70 urteren bueltan aititeren hezurrak topatu zueneko gaia, urtero irailaren 27an, gudarien eguna, hilobira bisita egingo zuela agintzen itxi zuenean. Bartrak 396,5 puntu jaso zuen, atzean Jabier Olibares (368), Urtzi Urrutikoetxea (362,5), Jon Barrocal (348,5), Jon Unanue (347,5) eta Olatz Ibarluzea (307) izan zituela.

Bartraz gain, Urrutikoetxea izan zen bertsolari zuzenena saioan, baina Olibaresek bere alde izan zuen bertso jario aberatsagoa eta dinamikoagoa. Olatz Ibarluzeak planteamendu interesgarriz jantzi zituen doinuan zaindutako bertsoak. Halere, ez zen bere eguna izan eta hainbatetan azken oina ahaztuta bertsoa bukatzeko errenka ibili zen. Datorren igandean, Ekaitz Larrazabal “Katxo” algortarraren txanda izango da Igorren.

Sailkapena

Xabi eta Fredi Paya, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue eta Igor Muniategi dagoeneko finalaurrekoetarako sailkatuta daude, iazko finalistak izan zirelako. Haiekin batera Gorka Ostolaza, Iñaki Iturriotz eta Oihana Bartra izango dira Gernika-Lumon, Algortan edo Durangon. Zamudion, Sestaon eta Arrigorriagan izandako bertsolariek itxaron behar izango dute pilatutako puntuek atea irekiko dioten jakiteko. Hurrenez hurren honakoak dira: Miren Ibarluzea (394,5) Joseba Artza (393), Beñat Ugartetxea (387,5), Eneko Abasolo (375,5), Jabier Olivares (368), Urtzi Urrutikoetxea (362,5), Ander Elortegi (354), Jon Barrocal (348,5), Jon Unanue (347,5), Itsaso Paya (340,5), Lander Ibarluzea (334), Amaia Uribe (330), Peru Vidal (318), Mikel Galarza (308) eta Olatz Ibarluzea (307).

Egitaraua:

- Urriaren 29an, Igorreko Kultur Etxean, 17:30ean: Onintza Enbeita, Eñaut Intxaurraga, Iker Belaustegi, Ekaitz Larrazabal “Katxo”, Joseba Gojenola eta Gorka Lazkano.

- Azaroaren 5ean, Aulestiko pilotalekuan, 17:30ean: Oihane Enbeita, Juanjo Respaldiza, Matxalen Zabaljauregi, Ibon Ajuria, Ander Oleaga eta Lander Gabixola.

- Azaroaren 19an, Gernika-Lumoko Jai Alai kiroldegian, 17:30ean, finalaurrekoa Xabi Paya, Arkaitz Estiballes eta sailkatutako 6 bertsolarirekin.

- Azaroaren 26an, Algortako Getxo Antzokian 17:30ean, finalaurrekoa Fredi Paya, Iratxe Ibarra eta sailkatutako 6 bertsolarirekin.

- Abenduaren 3an, Durangoko Ezkurdi frontoian 17:30ean, finalaurrekoa Etxahun Lekue, Igor Muniategi eta sailkatutako 6 bertsolarirekin.

- Abenduaren 16an Bilboko Euskalduna Jauregian “Bapatean Bizkaia” Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala 17.30ean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun