Herriko tabernen miaketaren aurkako manifestazioa deitu du Brankak arratsalderako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 24a, 13:44

Itzubaltzeta / Erromoko Branka kultur elkarteak arratsaldeko 8etan Kolas plazatxoan egingo duen manifestaldira joateko deia egin du. "Utzi Branka bakean" lelopeko ekimenarekin Espainiako Auzitegi Gorenako 61. Aretoak aginduta 75 herriko tabernetan osteguna bitartean egitekoak diren miaketa eta inbentarioak “eskubide zibil eta politikoen aurkako beste eraso bat” baino ez dela salatu nahi dute Brankakoek. Gainera, “horrelakoek gatazka konpontzeko prozesu demokratikoa apurtzea bilatzen dutela” nabarmendu dute Branka elkarteko kideek, Madrilen hartutako erabakia bihar Estrasburgon izango den eztabaidarekin lotuz. Bestalde, gogoratu dute Euskal Herriko 75 bat elkartek lege-babesik gabe aurkitzen direla, Garzonek 2002an HB-EH-Batasuneko tresnak zirela bere autoetan idatzi ostean. Zentzu horretan azpimarratu dute Brankak egindako "kultur lan eskerga": hitzaldiak, mahai-inguruak, mendi irteerak, Branka eguna, euskara eta txalaparta ikastaroak, Agate Deuna, ikastolen jaialdietarako autobusak edota bertso saioak. Hurrengoa, gainera, datorren ostiralean izango da, 21:00etan Itsaso Paya eta Galder Bilbao "Txapi"ren eskutik. Argazkian, iazko Branka eguneko aurkezpena.

Espainiako Auzitegi nazionaleko 5. Aretoko epaileak 75 bat herriko taberna eta 209 lokal bahitu zituen 2003an kale erasoek sortutako 18,2 milioi euro ordaintzeko. Orain berriz, Auzitegi Gorenak Alderdien Legea aplikatuz HB-EH-Batasuneko ondasunak likidatu nahi ditu ETAko biktimei eta ongintzan emateko.

Atzo, Guardia Zibilak 15 herriko taberna miatu zituen, tartean Portugaleteko Izar Gorri, Durangokoa eta Santutxukoa. Gaur, berriz, Amurrioko Txoko Gorrin egin ditu miaketak Ertzaintzak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun