Arratsaldean zehar espero da Unai Basurko Portugaleteko patroia Getxoko Kirol Portura heltzea, bertan haize bolada handiek beletan egindako matxurak ahalik eta lasterren konpontzeko. Igandean abiatu zen
Velux 5 Oceans estropadan dagoeneko portura bideratu behar izan den bigarren itsasontzia da Bakea-BBK, Alex Thomsonen belaontziak Xixonen atrakatu ostean eta Robin Knox-Johnston-ek Coruñarako bidea hartu ondoren. Aurretik, Graham Dalton-ek eta Tim Troy-k ezin izan zituzten belaontziak kaitik atera, prest ez zeudelako. Igandean, 1.500 kazetari eta gonbidatuez gain milaka eta milaka ikusle izan ziren Kirol Portuan, Aixerrotan, Galean eta Azkorrin estropadaren hasierari so. Unai Basurkok Bakea-BBk-n eramaten duen ikurrinaz gain, dozenaka euskal bandera eta euskal presoak etxeratzeko ikurrak izan ziren, tartean Euskal Herriaren autodeterminazioaren alde Kirol Portuko faroan (argazkian) eta Azkorrin
egindako kontzentrazioetan. Bere aldetik, 50 bat Getxoko auzokidek protesta egin zuten kaian, LZP eta Getxoko hirigintza proiektuaren aurka, Getxoko Ezker Batuko kideek lagun artean “Ezker Batua zabalgunea” harro deitzen dutena.