Espainiako Auzitegi Nazionaleko 4. Aretoak
auto baten bidez (pdf) berretsi du gaur 35/02 sumarioan Baltasar Garzonek egindako auziperatzeak. “Herriko tabernen” sumarioari buruzko erabakia Arnaldo Otegik eta Rufi Etxeberriak jarritako helegiteari erantzunez eman du epaitegiak, baina
Gara.net-ek zabaldu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Prentsa Bulegoak argitu du testua auzian dauden 37 lagunei aplikatuko zaiela eta, beraz, berresten duela horiek "erakunde armatuko partaideak” direlakoan auziperatu izana. Aipatutakoen artean aurkitzen dira Algortako Maite Amezaga eta Jose Luis Franco (argazkian), Urdulizko Izaskun Barbarias eta Getxoko udaletxean lan egiten duen Sabin del Bado. Bestalde, gaur zortzi Marije Fullaondo Herritarren Zerrendako hautagai ohia eta Batasuneko Euskara arduradunak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko du inputatu gisa. Algortarrak irailaren 30ean Bilbon egindako "Euskal Herriak autodeterminazioa" lelopeko manifestazioaren harira deitu dute, "erakunde armatuko kide" izatea leporatuta.