“Alde hemendik. Utzi bakean!” eta “Euskal Herriak autodeterminazioa” pankarten inguruan, 150 bat lagun bildu dira iluntzeko 8etan Telletxe plazan, “herriko tabernen, ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren kontrako erasoa” salatzeko. Ekitaldiak ordu erdiz iraun ondoren, Gorrondatxe kultur elkarteko kide batek Berangon eta Urdulizen izandako Ertzaintzaren sarrerak salatu ditu eta gauean zein bihar zehar Gorrondatxe eta beste herriko tabernak babestera deitu du. Ondoren, “Eusko gudariak” abesten amaitu dute. Jende gehiena Gorrondatxera zihoala, Ertzaintzako bi furgonetatik jaitsi dira 10 bat ertzain pilota jaurtigailuak eskuan, eta kargatzeko amagoa egin dute, hainbat gazte gelditu diren Telletxe plazara korrika abiatuz. Bertatik, “zipaioak hormara” bezalako oihuak entzun dira. Dena den, ertzainak eta furgonetak heldu orduko ez da egon inor plazan eta Ertzaintzaren kontrako oihuak entzun dira Villamonte aldera. Orduan, furgonetak desagertu dira, 10 minutu beranduago Gorrondatxe herriko tabernaren aurrean agertzeko. Bertan, minutu pare bat gelditu ostean alde egin dute.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!