Uribe Kostako herriko taberna guztiak miatu dituzte jada

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 25a, 16:33

Espainiako Auzitegi Goreneko 61. Aretoak gaur gaueko 12ak arte jarri zuen epea 75 bat herriko tabernetako inbentarioa egiteko. Gauzak horrela, atzoko Urduliz, Sopela eta Berangokoen ostean gaur miaketek ez dute etenik izan Uribe Kosta eskualdean. Besteak beste, 10:30ak aldera heldu dira ertzainak eta idazkari judiziala Hegoalde (Erandio) kultur elkarteko egoitzara. Polizia agenteak kanpoan zeudela 20 minunuz luzatu da araketa. "Bukatutakoan, hamar minutu eman dizkigute Astrabuduako herriko tabernak giltzak eskuan agertzeko; bestela, sarrailagile bati deitu eta atea bortzatuko zutela esan digute", adierazi dio UKBERRI.NETi Erandion elkartutako batek. Egoki kultur elkartean ere kanpoan itxaron dute ertzainek, 25 minutuz, idazkari judizialak inbentarioa egiten zuen bitartean. Kanpoan zeuden dozena bat lagunek "Utzi bakean Euskal Herria", "Hau al da zuen bakea" eta beste hainbat lelo ohikatu dizkiete. Gorrondatxe (Algorta), Branka (Itzubaltzeta / Erromo) eta Kurkudi (Leioa) herriko tabernak ere miatu dituzte eguerdiak aldera. Irudian, langile bi Kurkudin bazkaltzen ertzain baten begiradapean. Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Gorrondatxe herriko tabernaren kanpoaldean 40 bat lagun elkartuta zeudela, 11:45ean heldu da idazkari judiziala, Ertzaintzaren furgoi bat lagun zuela. Ondoren heldu diren Brigada Higikorreko bi furgoiek, berriz, errepidea moztu dute. Hala ere, lasaitasun osoz burutu da miaketa (25 minutu): ertzainak Bidebarri kalearen bestaldean zeudela, 15 neska-mutil inguru ere egon da taberna barruan, idazkari judizialak inbentarioa egiten zuen bitartean. Guztien arteko borondate ona agerikoa izan da hasiera hasieratik eta oihu eta istilurik gabe bukatu da miaketa.

Baxoerditan jarraitu dute Leioan

"Que vienen, que vienen, hijos de puta" abesti errepika zebiltzan Kurkudi herriko tabernako bozgorailuak, 12:00ak aldera, ertzainak heldu direnean. Ertzainburua eta bi idazkari judizialak sartu direnean 40 lagun inguru zegoen barruan eta horietatik dozena bat baxoerditan jarraitu du miaketa iraun bitartean. Langile bikote bat ere bertara hurbildu da lasai asko bazkaltzeko, ertzainaren begiradapean. Bitartean, kanpoaldean kontzentratu dira gainontzekoak, EAJ eta Ertzaintzaren kontrako eta konponbidearen aldeko ohiuak botaz. "Noizko miaketak batzokietan?" ere bota die polizia agenteei batek. Furgoi bat eta bi autoetan bertaratu diren ertzainek lekua hartu dute Plaza Gorrian, Kurkudi aldamenean, plazan zehar zein goiko galerietan, pilota jaurtigailuak eskuan zituztela; kargatu gabe, baina pilota poltsa aldean. "Goikoek frankotiratzaileak dirudite", aipatu du miaketaren aurka elkartutako batek. Inguruan zebilen ertzain Garzonzale batek, berriz, "borrarekin sartu beharko litzateke baten bat eta guztiak ostiaka atera", esan dio lankide bati.

Hala ere, gora behera handiagorik ez da izan Leioan. Kaltetutakoa, agian, alboko arraindegiko jabea: bezeroak usatu egin dizkiote. Honen aurrean, "dirua Josu Jon Imazi eskatzeko" bota dio Kurkudin zegoen batek. Ordu eta laurdenez inbentarioa egiten egon ostean, agiriaren kopia alboko kopiadendan egin eta kultur elkarteko lehendakariari eman diote idazkari judizialek. Honek, berriz, Kurkudi "Batasunaren egoitza ez" dela eta "Kurkudi kultur elarteak ateak beti irekita" izan dituela adierazi die epaitegiko funtzionariei. Baita "ahal dugun bitartean, kultura ez ezik, askatasuna ere babesten" jarraituko dutela ere. Bertan bildutakoek txistu artean agurtu dituzte ertzainak.

Branka kultur elkarteko egoitza izan da miatu eta inbentarioa egiteko eskualdeko azken herriko taberna. Eguerdia pasatuta, 12:30ak aldera, Ertzaintzako 3 furgoneta, 3 auto eta kalez jantzitako hainbat polizia paratu dira bertan, idazkari judizialaren zain. Berau heltzean, ertzainburua, Brankako prseidentea eta idazkaria sartu dira eta 40 bat pertsona kontzentratu dira kanpoaldean "Errepresioa ez da bidea. Utzi bakean Euskal Herria. Alde Hemendik!" lelopean. Istilurik ez da izan eta etorri bezala joan dira ertzainak. Brankako kideek jakinarazi dute iluntzeko 8etan manifestazioa egingo dela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun