Udalaren beraren aurrekontua 95.935.584 eurokoa izango da. Haziko diren arloen artean dago Kultura (%34,5), Zarraoak azaldutakoaren arabera, “batez ere Getxo Antzoki berria egingo delako". "2007ko inbertsiorik handienetakoa da, 4 milioi eurotik gorakoa", gaineratu du. Hirigintzan, berriz, %14,2 handiagoa izango da inbertsioa, "zabortegia itxi beharrak sastarren eta zerbitzuaren gastua garestitu dituelako (zati bat 2006an ordaindu zen etagainontzekoa 2007an) eta inbertsioek ere gora egingo dutelako: Ereaga eta Portu Zaharra arteko bidea eta bidegorria, Salsidu eta Villamonteko arrapala mekanikoak, saneamendua...". Gizarte Zerbitzuen arloa ere hazi egingo da, %7,4 bat. Arlo honetako jardunik nagusiena Itzubaltzeta / Erromoko Nagusien Etxearen zaharberritze lanak izango dira, 2.837.000 euroko aurrekontuarekin (1.773.000 euro 2007an), alkateak aipatu duenez.
"Egitasmoen (giza larrialdietarako laguntzak, etxe laguntzarako zerbitzuak, berdintasun arloa, Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan jarduten duten elkartentzako dirulaguntzak, familia eta nerabeak laguntzeko egitasmoa....) aurrekontua bataz beste %13,34 haziko da eta ondorioz Udalaren eginbehar soziala sendotu egingo da”, Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzuak, Hirigintza Planeamendua eta Etxebizitza zinegotziak aditzera eman duenez. Apur bat behera egiten duten arloak dira Udalburutza eta Ingurumena, "batez ere inbertsio gaiak direla-eta".
Erakunde autonomoak eta atletismo-pistaren zaharberritze lanak
Udal erakunde autonomoei dagokienez, 4.944.032 eurokoa izango da Jesusen Bihotza Zahar Etxearen aurrekontua; 2.255.197 eurokoa Andres Isasi Musika Eskolarena; eta 6.000.000 eurotik gorakoa Getxo Kirolak eta Kultur Etxearena. Azken hirurena %8 hazi da aurtengoaren aldean. Udal zahar etxearena, berriz, %1 haziko da "iaz baino inbertsio txikiagoa eta gestio hobeagoa daukalako".
Getxo Kirolen jardun nagusia atletismo-pistaren zaharberritzea izango da. “Bere garaian Euskal Autonomi Erkidegoko pistarik onenetakoa zen baina zoruan sortutako arazoak zirela-eta zahartu egin zen. Zaharberritu nahi dugu orain, Fadura puntako instalazioen artean jartzeko”, esan du Zarraoak. Gutxieneko aurrekontua miloi batekoa izango da.
Lau ardatz
Aurrekontu hauek lau ardatz nagusitan oinarritzen dira, udal arduradunen hitzetan: "gizarteratzea, bizikidetza eta elkartasuna; hiri garapen harmoniko eta jasangarria; kultur eta kirol bikaintasuna; eta gestioaren bikaintasuna".