Istiluak izan dira Areetako mobilizazioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urr. 26a, 00:05

Herriko tabernetan izandako miaketak salatzeko asmoz, 30 lagun inguru bat egin du, 20:00etan, Areetako Xake plazan deituta zegoen mobilizazioan. Atzean, Ertzaintzaren furgoi bat zeukatela, hainbat kaleetan barrena igaro dira, besteak beste Ondarreta batzokiaren aurretik, Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia plaza alboan "Eusko Gudariak" abestuz bukatzeko. Orduan hasi dira istiluak: protesta "komunikatu gabekoa" zelakoan, polizia agenteak nortasun agiriak eskatzen hasi eta, horretan zeudela, lepotik heldu diote andre bati. Elkartutako lagun batzuk emakumea askatu dute ertzainbururen eskuetatik eta beste batzuk, berriz, "nazkatuta" zeudela eta "goizeko miaketarekin nahikoa" zutela bota diete ertzainei. Hauek, berriz, pilota jaurtigailuak kargatu, aseguroa kendu eta hainbat pertsona apuntatzen zuten bitartean, "utzi dizuegu ekitaldia egiten, baina badakizue aurretik komunikatu ezean norbait identifikatu behar" zutela erantzun diete. Horrela zeudela, Branka herriko tabernara abiatu da jende guztia, ertzainek zer egin ez zekitela. Azkenean, ertzain-etxera deitu dute eta, aginduak jarraituz, identifikaziorik gabe alde egin dute ertzainen bi furgoiek eta kalez jantzitako polizien autoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun