Hala ere, Zarraoak gogoratu zuen zuzenketak baliogabetzeko erabakia ez duela berak hartu, "kontu-hartzailearen erabakia" izan dela baizik. Zarraoak esan zuenez, “erraza da aurrekontu potoloak aurkeztea neurri gabeko diru-sarrerak handituz baina hori ez da benetakoa; gastua handitzen duen edozerk konpentsazioa izan behar du; bai beste gastu bat murriztuz, bai diru-sarrera berriak sartuz. Eta PPk ez du holakorik egin, askotan azaldu diogun arren. Hortaz, eurek badakite edozein zuzenketak teknikoki eta aurrekontuen aldetik justifikatu egin behar dutela”. Hala ere, popularrek ez zuten "horren argi" ikusten: alkatearen "jauntxokeriatzat" jo zuen erabakia Marisa Arrue Getxoko PPko bozermaileak.
Araudi "ez eraginkorra"
Kontu-hartzaileak ez ezik, Zarraoak berak ere aitortu zuen aurrekontuen eta zerga ordenantzen kasuetarako indarrean dagoen araudi organikoa ez dela eraginkorra, "egungoak osoko bilkuraren bezperara arte zuzenketak aurkeztea baimentzen duenez, ondoren arduradun teknikoei proposamenen bideragarritasuna egiaztatzen duten txostenik eskatzeko asitirik ez baitago". Horregatik, duela hilabete batzuk egutegia finkatu zen oposizioko alderdiei aurrekontuen zirriborroa ohi baino lehenago emateko eta zuzenketak aurkezteko epeak ezartzeko, "soseguz aztertu eta, hala balitz, akordioak lortzeko". “Oposizioko inork ez ditu aurkeztu zuzenketak epe horren barruan, baina Udal Batza baino 48 ordu lehenago PPk 106 zuzenketa partzial aurkeztu zituen, aurrekontuen zirriborroa duela hilabete bat eman zitzaien arren. Ez dute garaiz erantzun eta, horrez gain, teknikoki zuzena ez den moduan aurkeztu dituzte. Horregatik ez ditu kontu-hartzaileak onartu”, azaldu zuen alkateak.