Ertzaintzak BBKko haur-eskoletako arduradunei langilearen aurka jasotako salaketaren berri eman ostean, Algortako zentroa ikertu zuen hainbat egunez. Ondoren, asteartean goizean irakaslea atxilotu zuen eta polizien aurrean deklaratu eta gutxira askatu zuten, iluntzean. Ez epaitegiak eta ez Ertzaintzak ez dute jakinarazi zeintzuk diren irakasleari leporatzen zaizkien delituak, sumarioa sekretupean baitago.
Ertzaintzak Algortako haurtzaindegiko zuzendaria ere galdekatu egin du, lekuko gisa, “El Correo Español”ek aipatzen dituen “ikerketatik gertuko iturrien” arabera.
BBKko haurtzaindegi sareko arduradunek zuzenean eman diete inplikaturiko gurasoei ikerketaren berri. Era berean, nabarmendu dute inoiz ez dutela gurasoengandik inolako kexarik jaso zentroan jasotako arretari buruz eta bertako zuzendaritzak inoiz ez duela aurkitu haurtxoengan arreta eza edo tratu txarraren susmoa zabal zezakeen aztarnarik. Ikertutako irakasleari buruz, gogoratu dute orain dela urte asko lan egiten duela haurtzaindegian eta beragatik ez dela egon kexarik. Halere, bost umetxoak zaintzeko gaur hasi den ordezko langile bat kontratatu du BBKk eta auzian parte hartzeko asmoa iragarri du kutxak, ikerketa judizialen berri izateko.