Larunbat honetan 12:00etan zabalduko ditu ateak Leioako XXVII. Artisautza eta Gastronomia Azokak eta igandera bitartean egongo da zabalik, 10:30etik 14:30era, goizez, eta 17:00etatik 21:00etara, arratsaldez. Guztira, 24 eskulangilek parte hartuko dute bertan: eskulangintzan jardun ohi duten hamabi (osagarriak, bitxiak, altzariak, beira, gaztainondoz egindakoak, larrukiak, zapatak, euskal keramika...) eta gastronomia-saileko beste horrenbeste (olioa, ardoa, patea, gazta, eztia, hestebeteak, ogia eta euskal pastela, pastak, bonboiak...).
Zuzenean
Hiru tailer izango dira artisauetako batzuk nola lan egiten duten aurrez aurre ikusi ahal izateko: keramuka, zurgintza eta beiragintza.
Dastaketak
Besteak beste, ardoa, gazta, patea, hestebeteak eta ogia dastatzeko aukera egongo da:
- Azaroak 4, larunbata: 19:00-20:00
- Azaroak 5, igandea: 12:00-13:00 eta 19:00-20:00
Zozketa
Urtero bezala, zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.
Bizkaiko artisautza azokarik zaharrenak aldaketa nabarmenak izango ditu aurten. "Aurreko urteetan 40 eta 50 eskulangile artean hartzen zituen karpa erraldoian ospatzen genuen Leioako Artisautza Azoka. Sartzen zen jendea ere mugatu ohi genuen euro bat kobratuz", Jon Loizaga Kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera. 27. edizioa den honetan, aldiz, sartzea musutruk izango bada ere, parte-hartzaileen kopurua murriztu egin dute. "Artisau kopurua jaitsi bai, baina kalitatea eman nahi izan diogu feriari", dio udal ordezkariak. Horrela, Euskal Herriko hainbat txokoetatik etorrita, eskulangintzan jardun ohi duten hamabi erakusketari eta gastronomia-saileko beste hamabi izango da, azaroaren 4an eta 5ean, Kultur Leioa ondoan dagoen Errekalde plazan. Horietako batzuk nola lan egiten duten aurrez aurre ikusi eta hainbat produktu dastatzeko aukera ere egongo da. Argazkian, artisautza azoka Areetan.