Patxi Lopezek RNE irratiari egindako adierazpenetan, Frantzian lapurtutako pistolak, kale erasoak eta Guardia Zibilak Zarauzko Arrano herriko tabernan hainbat zinegotziri buruz atzemandako txostena nahastu zituen “bake prozesuko” oztopo gisa. “Nazkatzen hasiak gara ezker abertzaleak etxerako lanak egin beharrean demokrata orori erruak eta hordagoak botatzeaz”. Lopezek zehaztu zituen ezker abertzaleari jarritako “etxerako lan” horiek: “oztopo hauek ezabatzea eta pedagogia politikoa eta demokratikoa egitea” bere oinarri sozialean. “Politikan, hauteskundeetan eta erakundeetan parte hartu nahi badute bortxakeriatik behin betiko aldendu behar dira”, gaineratu zuen PSE-EEko idazkariak.
PPk erantzun indartsua eskatu du
Marisa Arrue Getxoko PPko presidentea, zinegotzia eta bozeramailea eta Espainiako kongresuko diputatuak erabateko gaitzespena egin zuen. Era berean, “erantzun indartsu eta eraginkor” baten hutsunea kritikatu zuen: “kale terrorismoaren aurka borrokatzeko tinkotasun demokratikoa berreskuratzea behar-beharrezkoa da. Gure askatasuna lapurtu eta gure demokrazia txikitzeko asmoa dutenekin ezin da epela izan”. Popularrak bere elkartasuna adierazi die kale erasoak izan diren zonaldeetako auzokideei, “ikaratuta daudelako”.
PPk egin bezala, Eusko Alkartasunak ere bere elkartasuna adierazi zien auzokideei eta kale erasoen “behin betiko desagerpena” eskatu zuen, “Euskal Herrian irekitako baketze eta normalizazio prozesuan aurrera egin ahal izateko”. Horrelako ekintzak euskal gizarteak duen itxaropena iluntzeko baino ez dutela balio adierazi eta prozesua “bide demokratiko eta baketsuen bidez bakarrik” igaro behar dela azpimarratu zuen EAk.
Ezker Batua Berdeak, berriz, ezker abertzalearengana zuzendu zen kale erasoak amai daitezen eska dezan, “normalizazio politikoa eta bake prozesuarekin” duen “konpromisoaren” erakustaldi gisa.