Ezezagun talde batek Lurralde Zati Plana eta Abiadura Handiko Trenaren aurkako pintaketak egin ditu Getxoko Ezker Batua Berdeak alderdiak Algortan duen egoitzan. EBk goizean jakinarazi du bere bulegoaren kontrako erasoa eta ezker abertzaleari leporatu dio gertatutakoa. Prentsa oharrean, Espainiako federalistek ezker abertzaleari gomendatu diote “demokrazia ikastaro azkarra egin dezan, besteei begirunea izatea zer den jakiteko”. EBren aburuz, pintaketak goizeko ordu txikietan egin dira, spray urdin eta beltzak erabiliz. Pintaketa gaitzesteaz gain, EBk “ironikotzat” jo du egileek “Abiadura Handiko Trena ukatuz, berdeak eta ekologistak izateko itxurak egitea eta, aldarrikapen hori egiteko, ingurumenerako kaltegarria den pintura erabiltzea”. “PTP ez” (“LZP ez”), “AHT ez”, “Euskal Herria askatu” eta “sozialismoa” izan dira Salsidu kaleko bulegoaren fatxadan jarritako hitzak, igitaia eta mailua den ikur komunista batekin lagunduta. Argazkian, orain dela hilabete batzuk Aitor Lafuenteren aurkako pintaketak ere egin zituzten EBko bulegoan.