Salvador Larroca marrazkilari famatua Marvelen komikiak Espainian argitaratzen zuen Planeta DeAgostini konpainiako Comics Forum atalean hasi zen ilustratzaile gisa. 1992an, baina, Londreserako saltoa eman zuen Herrialde Katalanetakoak eta bertan Erresuma Batuko Marvelen filialean aritu zen “Dark Angel” eta “Death's Head” komikiak egiten. Laster, antzinako kolonietako enkargua heldu zitzaion: “Hulk”en 20. urtekaria. Ondoren, bi urte eta erdiz “Ghost Rider”ren su eta garrak marraztu zituen. Tartean, Batman eta Superman kudeatzen dituen DC Comics argitaletxerako, “Flash”en komiki batzuk ere egin zituen. Wildstorm zigiluarentzat ere arkatzak zorroztu zituen “Stormwatch” bilduman.
FF eta X-Men
Baina, Larrocaren benetako arrakasta Chris Claremont gidoilari mitikoarekin batera “Heroes Reborn” serie mugatuaren barruan egindako Lau Fantastikoen remake abenturekin heldu zen. Ondoren, AEBetan hilero salduenetarikoa den “The Uncanny X-Men” komikian arituko zen. Horretan, denboraldi laburra eman zuen Larrocak eta Chris Claremontek mutanteen bilduma berria sortu zuen: “X- Treme X- Men”. Bilduma horrekin arrakasta itzela lortu zuen mundu osoan. Azken urteotan presentzia erregularra izan du “X-Men” bezalako serieetan, eta serie mugatu arrakastatsuak ere egin ditu, esaterako, “Ultimate Daredevil” edota “Elektra & Spiderman”.
Bere etapa berri honetan, “Newuniversal”en, Salvador Larrocak estreinako aldiz bere marrazkien tindatzea eta grisak egingo ditu, akabera errealista bat emanez, irakurle eta editoreak harrituz. Era horretan Larrocak jarraitu du Marvelen Unibertso Berri berrituaren filosofia: super-heroien genero tradizionalari beste ikuspegi bat ematea. Laurogei hamarkadan, “zure leihotik haratago dagoen mundua” lelopean hainbat serie sortu ziren: “Starbrand”, “Justice”, “Psi-Force”, “D.P.7.”, zorte handien izan zuenak hiru urtez baino ez zela argitaratu. Hogei urte beranduago, Ellisek eta Larrocak unibertso hori eguneratzeko erronka hartu dute. Sarean jarritako 8 orrialdeek “Starbrand”en ikuspegi ilunagoa sumatzen ahalbidetzen dute.
Larrocaren bisitaldia dela-eta, Getxoko Komikiaren Aretoak bere karreraren atzera begirako erakusketa antolatu du, bere gaur egungo lanen lagin oparo batez lagundua. Gainera, “Newuniversal”en aurkezpenean, ilustratzaileak berak jendeari bere azken lanaren sormen-prozesu zaila azalduko dio, eta mundu mailako aurkezpeneko irudi argitaratu gabekoak erakutsiko ditu. Aurkezpen horretan Marvel Comicsen babesa jaso du.
Bestelako gonbidatuak
Valentziako ilustratzailea ez ezik, Getxoko Komiki Azokan bestelako egileak izango dira, adibidez, Juan Gimenez sortzaile argentinarra, Albert Monteys eta Manel Fontdevila, Phil Jimenez, Paul Grist, David López, Mauro Entrialgo arabarra, Sandra Uve, Manuel Bartual, Ken Niimura, Man, Jesús Saiz, Paco Roca, Javier de Isusi, Raquel Alzate, Angel de la Calle eta David Rubín, besteak beste. Gainera, aretoan Víctor Mora izango da, “El Capitan Trueno”ren sortzaileetako bat, bere ibilbide luzeagatik omenduko dutena.