Gazteek euskararekin duten harremana izango da aztergai bihar eta etzi Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 7a, 13:40

Bizkaiko hainbat udalerrik (Leioa, Getxo, Erandio eta Berangoko udalek eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak, besteak beste) eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) "Gaztea izan eta euskara ahoan" jardunaldiak antolatu dituzte asteazkenerako eta ostegunerako, Kultur Leioako auditorioan. Jardunaldi hauen helburu nagusia "euskararen erabilera gazteen artean sustatzeko teknikak, estrategiak eta metodologia baten abiaburuak eskaintzea izango da, arlo honetan interesa dutenei edo lanean dihardutenentzat", UEUko iturriek iragarri dutenez. Argazkian, Erandioko Bordatxu gazte txokoa.

Ateazkenean, 9:30etatik 10:30ak arte, jardunaldien aurkezpena egingo dute Karmelo Sainz de la Maza Leioako alkate eta Eudeleko presidenteak, Igone Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria zuzendari nagusiak eta Lore Erriondo UEUko zuzendariak.

Ondoren, 10:30etatik 11:30ak arte, hurbilpen bat egingo da EAEko gazteen mundura, joera sozio-demografikoak, jarrerak eta iritziak jorratuz, Bakarne Zuazua Gazteen Euskal Behatokiaren arduradunaren partaidetzarekin.

Eguerdiko 12etan, Kataluniako Generalitateko hizkuntz politikak aztertuko dituzte Angels Guerrerok eta Joan Sole Camardonsek, eta goizeko saioa bukatzeko, 13:00etan, "Hezitzaileek asko egin dezakete gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko" hitzaldia eskiniko du Iñaki Eizmendi Ttakun kultur elkarteko kideak.

Arratsaldez, 16:00etatik 17:00ak arte, udalerrietan ematen diren eraldaketa prozesuak aztertuko ditu Elhuyar Aholkularitzako Dabid Anautek, eta ondoren, hizkuntz jarrerei eta erabilera gazteen artean sustatzeari buruzko magai-inguru batean parte hartuko dute Dabid Anautek berak, Jone Miren Hernandez EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko kideak eta Nekane Larrañaga EHUko Soziologia Saileko kideak.

Osteguna

Osteguneko saioari dagokionez, "euskara nola saldu gazteei" aztertuko du Iñigo Fernandez Ostolaza Publis publizitate agentziako kontu exekutiboak 9:00etan hasita, eta ondoren, "asteburuetan.com" aurkeztuko du Sonia Perez Angera Topaguneko Gazte Saileko arduradunak.

Goizeko 10:40an, Erandioko gazte txokoaren sorrera eta ibilera azalduko dute Aizkoa Olabarrieta eta Eguzkiñe Etxebarria Berbots Erandion Euskaraz elkarteko kideek.

Kafea hartzeko atsedenalditxo baten ondoren, 12:00etan, "Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean" programa aurkeztuko du Jaime Altuna Urtxintxa Aisialdi Eskolako soziolinguistika arloaren koordinatzaileak, eta gero, "5 gazte eta euskara. Harreman eta errealitate ezberdinak" azalduko dituzte Eneko Gorrik, Dagmara Jankowskak, Xabier Payak, Egoitz Unamunok eta Aitziber Kanpionek.

Gorka Julio Elurnet enpresako ordezkariak, euskararen normalizaziorako, Interneten agerpenenerako eta gazteen dinamizaziorako Interneteko tresna berriak, adibideak eta aukerak landuko ditu, goizeko saioari amaiera emanez.

Bazkaldu ondoren, 16:00etatik 17:00ak arte, Unai Amezaga Getxoko Udaleko Gazte teknikaria eta Aitziber Arnaiz Oiartzungo Udaleko Euskara teknikaria solasean arituko dira, eta 17:00etan jardunaldiak bukatzeko ekitaldia egingo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun