Batetik, bitxia da oso EB-Berdeak taldeak AHT eta LZPren aurkako jarrerak, bai eta askatasunaren, sozialismoaren eta are komunismoaren aldeko aldarrikapenak, ezker abertzaleari lotzea, ezein errebindikazioren aurretik. Haiek aldarrikapen horietatik kanpo kokatzen diren seinale. Hitz horiekin, egunero Getxoko Udalean egiten duten EAJren eskumako politikaren jarraikeria berrestera datoz berriro ere.
Bestetik, demokrazia ikastaro arinari dagokionez, erreza da erantzuna: demokraziaren lehen ikasgaia, herriaren borondatea errespetatzea da, eta herriak aukeratutako ordezkariei beren ordezkaritza aitortzea. EB-Berdeak taldeak hiru urte t'erdi daramatza Getxo Biziak eskuratu zuen zinegotzi aulkia okupatuta, inongo lotsarik gabe. Horri esker hain zuzen lortu dute Gobernu Batzordean egon eta agintearen pribilejioak dastatzea.
Euskaraz, besteen gauzak hartzeari lapurreta esaten zaio. Espainiako epaileek onartutako lapurreta da bai; baina guztiz antidemokratikoa, eta botua eman ziguten 2.756 getxoztarrekiko begirune bakoa.
Ozpela ikutu du EB-Berdeak taldeak, ezker abertzaleari demokrazia eta besteekiko begirunea zer diren aipatzean.
Getxo Bizia Plataforma