Ekitaldi honen asmo nagusia eskusoinu diatonikoaren musika zabaltzea da, eta, era berean, hainbat herrialdetan eta kulturatan instrumentu honekin egiten diren erritmo anitzak zabaltzea da. Hori dela eta, aurtengo edizioan, Portugal, Errumania, Alemania eta Euskal Herriko artistek hartuko dute parte jaialdian. Lehenik, Chäozinha ahizpak jardungo dira Getxo Antzokian; talde portugaldar honek Minho-Garaiko eskualdean dagoen Gondaremeko herri-musika eskainiko du.
Bigarrenik, Julian eta Ion Cobzaru lehengusuek osatutako bikotea arituko da. Errumaniako soinujole hauek haurrak zirela hasi zuten bere jarduera, era autodidaktikoan. Taldeak hainbat estiloko erritmoak jotzen ditu, beti ere ondo baino hobeto ezagutzen duten bere herriko tradiziozko doinuak atzera utzi gabe.
Euskal Herriko doinuak
Errumaniarren ostean, Cathrin Alischek eta Alaitz Telletxeak osatzen duten Alemaniako eta Euskal Herriko bikotea jardungo da. Alischek, musikariaz gain, musikagilea eta musikologoa da, eta zenbait ikaslan egin ditu herri-musikaren inguruan. Alaitz Telletxeak Maider Zabalegirekin hasi zuen bere jarduera, Alaitz eta Maider bikotean, herri-doinuak interpretatzeko, nahiz eta, denbora pasatu ahala, bestelako musika-eraginak gehitu dizkioten bere lanari.
Azkenik, Eneritz Gorritxategik eta Edurtzeta Aniak osatutako bikoteak arituko da Algortan antzinako koplak jotzeko. Genero hau herri-literaturari dagokion arren, ondoren musikaren mundura zabaldu da. Alaitasuna eta erritmoa dira bikote honen abestien ardatz nagusiak. Hain zuzen ere, gaur egun, Ene Bada taldean jorratzen dituzten triki-pop doinuak alde batera utzi eta aspaldi plazetan abesten zituzten kantei helduko diete, berriro, bizkaitarrek.