Palestinan eraikitzen diharduten harresiaren aurkako egunaren harira elkarretaratzea deitu dute biharko Bilbon

Askapena eta Komite Internazionalistak taldeek deituta, “Harresia bota. Palestinarekin elkartasunean” lelopeko kontzentrazioa izango da bihar arratsaldeko 7:30ean Bilbo Plaza Biribilean. Protestak bat egingo du horrela Nazioarte mailan antolatutako Lotsaren Harresiaren aurkako egunarekin. Antolatzaileen arabera, harresia Hayako Nazioarteko Epaitegiak erabakitakoaren kontra joateaz gain, palestinarren “lurraren eta uraren lapurreta” gauzatu eta kolonoak indartzeko balioko luke, “Hego Afrikan apartheidean erabilitako taktika militar berdintsuak” erabiliz. Argazkian, Israelekiko harremanak mozteko eta Palestinaren autodeterminazioa aldarrikatzeko uztailean emandako prentsaurrekoa.

Komite Internazionalistak eta Askapena taldeen oharra:

Gobernu israeldarrak, palestinar lurraldeetan eraikitzen ari den harresia luzatzen eta handitzen darrai, Hayako nazioarteko justizi gorteak hartutako erabakien kontra (2004-7-9). Erabaki honek harresiaren proiektua bertan behera lagatzea eta eraikitako zatia botatzea agintzen du. Proiektu militar hau gauzatzekotan, palestinarrek euren lurraldearen %12an bizitzera behartuko lituzkete. Horretaz gain, proiektu honek, palestinarren lurraren eta uraren lapurreta suposatzen du jada. Hala nola euren etxeen eta bizimoduaren beraren suntsipena.

Harresi honen eraikuntzan, israeldar sionismoak, palestinarren ur putzuen %70a lapurtu, palestinar ekonomiaren oinarri diren 100.000 olibondo suntsitu (horietako asko, zuten balio ekologikoarengatik nazio arteko legediekin babestuak) eta herri palestinarrak zeru zabaleko kartzeletan bizitzera kondenatu dituzte, aldi berean inguruetan sionistek enpresak jartzen dituzten heinean, palestinarrak eskulan merke modura bertan lan egitera behartuz.

Palestinan egon garenok, jakin badakigu, sionismo israeldarrak saldu egiten duen segurtasunaren argudioa faltsua dela. Eraikitako harresiaren 720 kilometroek herrialde palestinarrak banatu eta kartzela bihurtzen ditu (Gaza edo Kalkilia kasu), lurrak lapurtuz eta kolono sionisten kokalekuak anexionatuz, palestinarren biziraupena galaraziz, Hego Afrikan apartheidean erabilitako taktika militar berdintsuekin.

Kontrolguneak, errepide mozketak, alanbradak, herri eta hirietako sarrerak israeldar sionisten armadarekin kontrolatuak, militarizazio orokortua... dira lotsaren harresiaren beste ondorioetako batzuk israeldar sionistek kolonoen kokalekuak lotzeko, eta mugikortasuna errazteko 500 kilometro autopista egiten dituzte palestinarren kulturaren eta historiaren adierazpen guztiak suntsitu nahian, palestinarrek egunero bizirik irauteko borrokan diharduten bitartean.

Guzti honen erantzule bakarrak Israeldar sionistak, nazioarteko gobernuak eta Nazioarteko Bankua direla argi izanda, palestinar herria, bere eguneroko borrokaren eta determinazioarekin aurre egin die, eta aurrerantzean ere euren eskubideen alde borrokan jarraitzeko asmoa argi eta garbi adierazi dute.

Guk, gure aldetik eta nazioarteko deialdiarekin bat eginik, Euskal Herritik gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Palestinaren borrokan hain adierazgarria den egun honetan, kalera irten eta euren borrokarekin bat eginik, nazioarteko gobernuei Palestinaren triskantzan duten erantzukizuna jendarteratuz, nazioarteko justiziaren erabakiak aplika daitezen exijituz, israeldar sionismoa aurrera eramaten ari den proiektu genozida geldiarazteko.

Askapena eta Komite Internazionalistak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun