2.000 pertsona izan dira Getxoko Udazkeneko Kontzertuetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko aza. 8a, 21:59

2.000 bat ikusle hurbildu dira Getxoko XXI. Udazkeneko Kontzertuetara, Getxoko Kultur Etxeak emandako datuen arabera. Jordi Savall biola-joleak (argazkian) eman zion amaiera atzo bertan hasi zen ziklo honi. Guztira, bost saio izan dira eta, horietatik, hirutan bete egin du publikoak Getxo Antzokia. Programa anitzez gozatu ahal izan du publikoak edizio honetan, ospe handiko artisten eta musikari berrien eskutik. Maria Bayo soprano nafarrak eman zien hasiera Udazkeneko Kontzertuei pasa den asteko ostegunean. Abeslari ospetsuak, Roger Vignoles piano-joleak lagunduta, Getxo Antzokia bete egin zuen. Besteak beste, W. A. Mozart, Oscar Espla, Eduard Toldra eta Xabier Montsalvageren piezak interpretatu zituen Bayok.

Bigarren saioan Mozarten musika bilakatu zen protagonista. Ensemble Ausonie talde belgikarrak eta Isabelle Poulenard soprano frantziarrak programa monografikoa eskaini zuten autore austriarraren arien eta sonaten inguruan. Hirugarren kontzertuan Nova Lux talde gazteari iritsi zitzaion txanda. Iruñeko Ganbara-Abesbatzaren baitan sortu zen talde hau XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako pieza ezezagunak berreskuratzeko asmotan. Getxon eskaini zuten saioan, Juan Frances de Iribarren musikagile nafarraren salmoak izan ziren musika-programaren ardatz nagusi.

“Talentu berriak”

Azaroaren 6an "Talentu berriak" atalaren saioa izan zen zikloan. Ekimen hau orain dela hiru urte sortu zen Getxoko eta inguruko herrietako balore berriak bultzatzeko asmotan. Aurten, Pedro Calderon tenor getxotarrak hartu du parte atal honetan, Mercedes Rodriguez Arrieta piano-joleak lagunduta. Kontzertu honetan Antzokia bete egin zen eta publikoak hainbat garaitako musikagileen piezaz osatutako programaz gozatu ahal izan zuen.

Atzoko emanaldian ere musikazaleek bete egin zuten aretoa. Azken kontzertuan Jordi Savall biola-jole ospetsua jardun zen, hirukotean, Pierre Hantai (klabezina) eta Rolf Lislevand (tiorba eta gitarra) musikariekin. Artista katalanak "La viole du Roi Soleil" izeneko programa eskaini zuen, Luis XIV erregearen gortearen garaitako musikari dedikatua.

Mozarti buruzko erakusketa

W. A. Mozart musikagilearen jaiotzaren 250. urteurrena dela eta, berari buruzko erakusketa dago ikusgai Algortako erakustaretoan (Villamonte, A-8) etzira arte. Bertan, zenbait taulatan, bisitariek artista handi honen lana, bizitza eta XVIII. mendeko musika ezagutu ahal izango dituzte bisitariek, besteak beste.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun