“Komunikazio euskarri hau herritarrei egiten zaien gonbidapen zuzena da, udalerriko GKEen bitartez elkartasun gaietan inplikatu eta lan egiteko, Getxotik bertatik mundu hobeagoa baten alde lan egin ahal dugulako”, adierazi du gaurko prentsaurrekoan Imanol Landa Garapen Lankidetza zinegotzi eta hurrengo udal hauteskundeetarako alkategaiak. Duela bi urte Getxoko Udalak eta GKEek osatutako lan-taldean sortu zen DVDa egiteko asmoa. Hain zuzen ere, tokiko erakundearen eta garapen lankdetzan ari diren taldeen elkarlanetik sortutako jardunaren "garrantzia" nabarmendu du Pilar Oronozek, aipatu hamaika GKEen izenean. “Benetan lortu egin dugu helburua, egiten dogun lana guk geuk kontatu ahal izango dugulako, eta gure jardunak jomuga dituen herrialdeetako bizilagunen ahotsa ere entzun ahal izango dugulako. Garrantzitsua da oso, lan handi hau egiterakoan ipintzen dugun gogo eta berotasuna aditzera eman ahal ditugulako”, azpimarratu du.
Mundu osoan
Ondoko hauek dira aipatu GKEak eta jarduten diren herrialdeak:
- Getxo Sahararen alde-Atfal (Aljeriako saharar errefuxiatuak)
- Ayuda Mas (Peru, Ekuador, India, Mozambique eta Txina)
- Biladi (Palestina)
- Ecca Romo (Kongoko Errepublika Demokratikoan)
- Lagun Artean (Guatemalan)
- Mary Ward (Peru eta Ekuador)
- Medicus Mundi (Guatemala, Honduras, Ruanda, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Tanzania eta Txad)
- Mugarik Gabe (Bolivia, Guatemala, Kolonbia, Nikaragua, El Salbador eta Kuba)
- Perualde (Peru eta Filipinar Uharteak)
- San Martin de Tours (Kongoko Errepublika Demokratikoa)
- Zabalketa (Bolivia, Peru, Mexiko, Kolonbia, Guatemala, Filipinar Uharteak, Libano, Nijer, Boli Kosta eta Kenia)