Lucesen arabera, Berbalagun ekimenean “zaharrak, gazteak, gurasoak, ikasleak, irakasleak, emakumeak zein gizonak” daude, “gehienek nahi baino gutxiagotan egiten dute euskaraz, eta horregatik datoz, ondo pasatzera”. Izan ere, Egizuk aukera sorta ederra eskaini zien “Tabernan, paseoan, frontoian, mendi ibilaldietan, irteera kulturaletan” udalerriko euskaldunei: euskara “kalean erabili, lagunartean, giro onean, lotsa kendu edo kentzen lagundu, euskararen gimnasia egin, herdoiltzen hasi dena konpontzeko, agian”; zein euskalduntzen ari direnei: “kalean euskaraz egiteko aukera eman, ederto pasatu. Hauxe da Berbalaguna. Astean behin, ordubetez euskaraz egiteko konpromisoa”.
Zazpi herrialdeetatik jira eta bira
Bihar "Euskal Herria bizikletaz: nire lehenengo bidaia" diaporama izango da Itzubaltzeta / Erromon eta Algortan, Egizu eta bizibidaia.net-eko lagunek eskainia. Rosak eta Mikelek, Eki, euren ume txikiarekin egindako bidaia argazkiz ondo hornituta kontatuko dute, goizeko 9etan eta 11etan Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia kultur etxean eta arratsaldeko 5etan Algortako Aldai Patronatuan.
Rosak, Mikelek eta Ekik Euskal Herriko zazpi lurraldeak eta zazpi hiriburuetatik igaro dira, tartean, “Zuberoako baserri-girokoen tokiak eta Ibaizabalgo ezkerraldeko hiri-girokoenak, Urumeako hezetasuna eta Bardeetako idorra, Isturitzeko antzinatasuna eta Kursaal-eko modernitatea, Arabako Lautadako ordokia eta Pirinioetako maldetako gertutasuna, kostaldeko kresala usaina eta lehorrekoaren zerealarena, Gernikako arbolaren euskal ikurra eta Guggenheim-aren nazioarteko onespena”.
Etapek bataz beste 39,3 kilometro luzera eta 749 metro igoera izan dituzte, eta nahiz eta “gure lurraren orografia kontuan harturik, fisikoki edo teknikoki gogorrenak diren bideak kentzen saiatu” ziren Rosak, Mikelek eta Ekik guztira 1.178,9 kilometro luzera eta 22.461 metro igoeran egin dituzte.